Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

«Ez ez elkarrizketa»

Ez ez elkarrizketa” deitu zion Gonzalez Abrisketak, Schechnerri hartutako not not antzerki-terminotik. Hori omen da elkarrizketa bat ematea eman gabe. Horretarako ikasketa kualifikaturik gabe, ulertzen dut bi modutara dela posible: izan daitekeela hizlaria elkarrizketa bat ematera prestatu gabe eginiko aktoa edo, kontrara, elkarrizketatzaileari espero duen formatutik kanpoko informazio jario bat kontatzea. Ikerlariak hala kontatzen du andre bat elkarrizketatzera joan eta ezin izan zuela haren etxera sartu, etxekoen mandatu maskulinoa baitzuen bere bizipenen berri eman zezan. Ikertuak hori komunikatu zion ikerlariari eta, aterik zabaldu ez bazion ere, balkoitik aritu zitzaion kontu-kontari hartzaileak entzun besterik egin ezin zuela, memorian gorde eta, ondoren, kotxera itzuli eta entzunak lurrundu baino lehen nonbait idatzi.

Galardi F. Agirrek ere kontatua du “ez ez elkarrizketa” baten esperientzia. Doktore tesirako elkarrizketak egiteko, lehenik, hitzordu informal bat egiten zuen elkarrizketatuekin, grabagailurik gabe, elkarren berri izateko-eta. Behin hori eginda, grabagailua martxan egongo zen eguna adosten zuten. Zita informalean hasi omen zitzaion bat hau eta hura kontatzen, memoria eta zabaltze ariketa bat egiten eta hitzordu formala jartzeko ordua heldutakoan han non esan zion ezetz, ez zela bigarren aldirik egongo, kontatu beharrekoak kontatu zizkiola eta egin zezala nahi zuena entzundakoekin baina ez ziola grabagailu bati hitzik emango.

Bietan badago elkarrizketatuaren errebeldia bat, ikergai edo lagin izateari iskin egite bat. Elkarrizketatzailea bere eremutik aterata, parekoaren egiteko moduetara ahal bezala eta ahal bezain azkar egokitu beharrak gogora ekartzen dit autorea agente aktibo den kazetaritza-literatura moldea, begira dagoena hezur-haragitu dezakezun kontakizun mota. Emaitza oso ederra, baina grabagailua poltsatik atera ezinik paper zati bat eskuan entzuten ari zarena behar bezala oroituko ote duzun mamuaren agoniari eutsi egin behar.

Buscar