Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

«Golden Rural»

Ospetsuren bat noiz irten edo sartuko zain zeuden zinezale edo ospetsuzaleen artetik, orain pedalkada bat, orain frenatu, orain hanka lurrera, egin dugu zinerainoko bidea. Farola bat, aurreko gurpila eta koadroa lotu, eta barrura, ea gaur zer. Ez da inoiz ikusi dudan filmik onena baina, tira, baditu gauzatxoak. Esaterako, arreta piztu dit –besteak beste, dozena erdi bat eszenatan errepikatu dutelako prozedura– pelikulan agertzen ziren bizilagun/aktoreek elkarri galdetzen ziotela eta landareei hitz egiten zietela. Nire ingurura begiratu eta animaliekin solasaldiak dituzten “Mogli” gehiago ikusten ditut “Maria Luisa Galardi”-ak   baino. Jende errealak egindako elkarrizketa faltsuak ziren; beraz, zalantzan jartzekoa da jendeak halakorik egin eta galdetzen ote duen. Gainera, batez ere lurrarekin lotura zuten landatarrei galdetzen zitzaien, are landareen hizkuntzarik bazenik uste zutenei, gainontzekoek ezetz esaten baitzuten.

Gaia gizakiaz kanpoko izakienganako sentsibilitatea izanik, gogorarazi dit oraintsu irakurri dudan lan bat, zeinak jaiotzez landa eremukoak diren artisten bizipen eta hausnarketei marko teoriko bat eskaintzen dien; hau da, bizipenak hain pertsonal, hain partikular eta hain salbuespenezkoak ez direla azaltzen duen bibliografia. Batzuk landa eremuan jaio eta hirian bizi ostean, egun ere bertan bizi dira, eta beste batzuk, aldiz, ez. Besteak beste, agertzen den kontua da landa eremu/hiri dikotomia eta hori haustearena. Bi uren artean dabiltza, ordea, zeren aldarrikatzen dute landa eremuan badela sentsibilitate bat inguruarekiko, baina sentsibilitate hori nola pertzibitzen den eta zer arte forma hartzen duen agian ez da oso baloratua. Horra eraman nau zineko butakak.

Lan akademiko hori egiteko orduan, ez ikusiarena nekez  egin ahal zaion bisonte bat agertu da: zer da landa eremua? Estatistiketarako aintzat hartzen diren hiru lerroez harago, termino lausoa da gu bizi garen eremu eta moduan. Badago mugarik landatarra eta urbanoa izatearen artean?

Buscar