Urte osoan ez naiz iskinosoaz urte sasoi honetan bezainbeste oroitzen, nola bada. Aurten ez dut etxeko gerezi ale bakar bat ere probatu “pájaro” horrek zeuden apurrak irentsi ditu eta. Leihotik ikus nezakeen nola pausatzen zen heltzear zegoen gereziaren ondoan, niri begietara begiratu eta, tenple osoz, mokokada batez beretzen zuen. Garai honetako etsai basati nagusiena nuelakoan nengoen, ispilura begiratu eta nire burua haren luma urdinekin ikusi dudan arte. Iskinosoa iskinosoa da beha egon delako, gereziak jasotzea noiz egokitzen zaion badakielako. Bestela, ez geniokeen iskinoso deituko.
Lagun batek deitu zidan herenegun. Euren bailaran gereziondoak nekazaritza negozioa dira, eta urtero bilketa handiak egiten dituzte sasoilariekin. Gutxi-gehiago, hilabete irauten du sasoiak, eta ez da gereziak agortzearekin batera amaitzen, bilketak errentagarria izateari uzten dionean baizik. Errentagarri ekonomikoki. Elikadura burujabetza nornahiren ahotan darabilgunean, ikaragarria da milaka kilo elikagai ez biltzea, zer eta lehendik aberats dagoen batek ez duelako nahi beste mozkin izango. Behitzat, gerezietan ez dira heldu fruta bildu eta lurrera botatzea subentzionatzera, mahasgintzan egin duten bezala. Gauza bat da sektore pribatuak zer egiten duen negozio ikuspegitik (eta nik horren gaineko iritzia dut), baina bestea da entitate publikoek zer eskumen dituzten eta zer esku hartze egiten dituzten. Posible al litzateke diru publikoa bideratzea diru iturri izango ez diren bilketarako programak sustatzeko? Alegia, arboletan geratzen diren gereziak herritarrengana iris daitezen. Horrela, kalitatezko elikadura bermatzeko aurrerapauso bat eman liteke, gaur gereziak direnak bihar sagarrak izango baitira.
Tira, kontatzen ari nintzena, lagunak deitu zidan, sasoia bukatu arren, arboletan gerezi ugari zegoela eta ea bila joango ote ginen, lastima zela, aurten ere, hainbeste ale geratzea bildu gabe. Ez zidan galdetu noiz nuen posible, gereziak ez omen dute nire agendaren arabera iraungo.