Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Landatar egiten gaituena

Zalantza sortu zitzaidan ea nor ginen gu baserritartasun berri horietaz gogoetan aritzeko; alegia, zeri deitzen zion bakoitzak landa eremu, non kokatzen zen eremu horrekiko...

Uda honetan jaialdi agroekologiko batean tokatu nintzen. Tokatu diot, ez nintzelako bila joan, ustekabean aurkitu nuelako herri hartako plazan ekimena eta, egiari zor, denbora-pasa nenbilenez, hitzaldi batera joatea erabaki nuelako. Ez da, noski, norabait joateko jarrera egokiena. Aldarteak, zorionez, ez zidan ezer askorik iraun.

Landatartasun berrien gaineko hitzaldia zen, eta hizlari, nekazaritza-eremuan jaio, unibertsitatean soziologia ikasketak egin eta, egun, behi etxalde batetik bizi den 40 urte inguruko gaztea. Mamiak bezainbesteko zer-pentsatua eman zidan aurkezpenaren kontuak. Hasteko, zalantza sortu zitzaidan ea nor ginen gu baserritartasun berri horietaz gogoetan aritzeko; alegia, zeri deitzen zion bakoitzak landa eremu, non kokatzen zen eremu horrekiko, norberaren eta talde-aspirazioak… Oro har, talde-dinamika gehienetan eskertzen den oinarria.

Jendea hitza hartzen hasi ahala, baina, zalantzak irauli zitzaizkidan. Harrigarria iruditu zitzaidan lasto-fardoz osatutako borobil hartan hitza hartu izana justifikatzeko bidea (pixka bat, baina ez garrantzia kentzeko beste karikaturizatuz) aitona artzain ibili izana izatea. Lizentzia geneetan dator, ala? Nor ginen jakin eta justifikazioak omititu nahia nahastu zitzaizkidan. Gaira ekarrita, hala ere, soka luzea ekarri zidan horrek. Zer dira landatartasun berriak? Zaharrak zein diren jakingo bagenu, sikiera. Edo, batetik besterako aldea zein den, edo zilegi al den bertan bizi ez denak landa eremua auzitan jartzea, bertakoak soilik izan ote dezakeen hitza, bestela.

Bestalde, ongi legoke jakitea baratze bat izatea baserritar izatea ote den, landa eremuan jaio izanak landatar egiten zaituen, baserri zahar batean bizimodu hiritarra izatea baserritar izatea al den edo baserri batean bizi eta aktibitate ekonomiko nagusia baserrian garatzea den baserritar izatea. Eta, batez ere, dugula uste dugun posizioak zenbat eragiten duen darabilgun arrazoiketan.

Buscar