Izan ere, horrelakoxeak izan eta ba omen gaude nostalgiak jota bizi garen jendea. Ez da hainbeste joandako garaiak hobeak izan zirela uste izanik, ez bada horiek oroituz eta, erantsitako melankolia dosia, norberak lekarkeena. Ezagutzen dut elkar ezagutzen ez duen jendea; erlezainak batzuk. Duela gutxi biko proiektu batean sartu den gazte batek esan zidan, tamalez, ez zaiela erlezaintzaz gozatzeko garairik onena egokitu. Negua, beroa, hotza, eguraldi zakarra, lehortea. Lehenari entzundakoa kontatu nion bigarren bati eta hark erantzun zidan hiru urte daramatzala erleak jarrita eta oraindik ez dela disfrutatzera iritsi. Velutina, varroa, gaixotasunak, plagak.
Lehen biak gogoan ondo iltzatuta nituela topatu nintzen hirugarren batekin eta, horren esanak, botikaren nahitaezkotasunari men eginda ere, ez omen dago aurrekoek ezagututako erlezaintzaren zenbakietan ibiltzerik. Tratamenduak, erle falta, pestizidak. Lan-karga handitu eta etekina gutxitu omen da (erlea bai intsektu garaikidea). Horrelako kontuak kontatzen hasitakoan, ez batzuei ez besteei ez zitzaien irribarre erditxorik ere atera eta, hala ere, zaila da esaten ez zeudela animatuta edo erlezaintza abenturan sartu izanarekin damututa zeudela.
Oraintxe dago akazia loraldi ia bete-betean, sagarra lorez karga-karga eginda dago –gainera, printzipioz, aurten da uzta ugaria– eta inguruko arbola, landare eta loreek ere ilusioa eragiteko moduko itxura dute. Eta, horrela, piztuko ez dira, bada, hiru lagun nostalgikoak? Imajina ditzaket erleen aktibitatearen aurreko urteetakoarekin alderatzen, edo iazko sarraskiari ezikusia egin ezinik, edo ohi baino badaezpadako koadro gehiago garbitzen.
Nostalgia paralizazioarekin lotu izan dut, alternatibarik ez ikustearekin eta etsipen iturri bezala, baina, egokitzapen, etorkizunari begiratu eta modernizatu beharrak jan gaituen honetan, baliteke nostalgia eragile interesgarria izatea. Poztu adina lasaitzen nau nostalgiak (nostalgia ≠ iraganaren idealizazioa) biziko gaituela pentsatzeak.
