Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Posturetok, Durangora

Euskal liburu eta diskoentzat hobe litzake urtean zehar gogo gehixeago erakutsiko bazenu, baina, nork dio militante sutsu izan behar denik Durangora joateko

Dena duzu aurretik prest. Dutxatu aurretik prestatu dituzu arropak, bazkaldu aurretik dutxatu zara eta ordubien aurretik bazkaldu duzu, ordubietan geratu zaretelako autobus geltokian, Durangora kotxe bakarrean joateko. Zenbatean egongo dira liburuak? Badaezpada, urre-hori koloreko bilete bat ere sartu duzu, taloa zenbatean dagoen ere ez dakizu eta.

Halako batean aparkatu duzue. Hilerrian. Eta zer erosi eta nor ikusi nahi zenuketen hitz eginez heldu zarete Landakora. Plumiari hiru buelta, gerrian lotu, kartera eta mugikorra tote-bag hutsera sartu eta barrura. Hau umeen pasilloa da, hara, hau ere bai… Hemendik, orduan. Harkaitz Cano ikusi duzu eta poztu zara ezagutu duzulako. Mikel Laboari buruzkoa ez den Mikel Laboari buruzko komiki batekin ari da. Pentsatu duzu erostea, baina, erosiko duzun lehena komiki bat izatea, ez dakit ba nik. Egia da gero eta sona hobea dutela eta, gainera, nobela grafiko bat erosi duzula argudia dezakezula. Baina, keba, agian, bigarren bueltan.

Stand hau ez dakizu zerena den, hemengo inor ez duzu ezagutu, nondik atera du horrek letxuga bat?, hemengo liburuen azalek ez dizute arretarik piztu. Ai ama, Anari! “Eta… atera dezakegu zurekin argazki bat?” *Bidali*. Ze jende gutxi kale honetan. Tocadiscos bat behar da orain denerako. Ze guapoa den Jurgi Ekiza. Seaskako egutegia eta liburua poltsan, Plateruenara.

«Postureta» bat zarela diote, urtean behin-bitan erosten duzula libururen bat eta Durangora joaten zarela Landakon erosiak Goienkalen erakustera. Bertako liburu gehienak herriko dendaren batean eros ditzakezula, bertara ale berezien bila joatea dela gakoa eta ea non zauden herriko irakurketa taldeak deialdiak egiten dituenean. Ba badakizu zer? Aupa zu! Euskal liburu eta diskoentzat hobe litzake urtean zehar gogo gehixeago erakutsiko bazenu, baina, nork dio militante sutsua izan behar denik Durangora joateko?

Eman lasai buelta bat eta gozatu planaz, azaluskeria egozten dizuten underground erretxinduena ez da gutxiagorako eta.

Buscar