Eli Pagola Apezetxea
Eli Pagola Apezetxea

Potolokeriak

Astebete eskas barru hasiko da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia Getxon. Aldaketen artean, “kartzelako lanari” “ganbarako lana” deituko zaiola hemendik aurrera. Ariketari egoki datorkion terminoa

Pasa den astean izan ziren Euskal Herriko I. Jatunaldiak Gernikan. Bertan, lodifobiak zeharkatutako gorputzen politikak aztertu ziren eta, besteak beste, mekanismo lodifoboak izan ziren hizketagai. Horrez gain, osasun sistema nagusien «osasuntsu» egoteko irizpidean ezin kabitua eta kabitu nahi eza aldarrikatu zen. Dena ez zen, ordea, salaketa eta aldarri, antolakuntzarako deia ere ozena izan zen: «Aktibismo lodiak bizitzak salbatzen ditu».

Aldez edo moldez, hemen ez bada han, biziraun beharra suertatu zaienak/zaigunak elkartzea bezalakorik ez dago emozio eta indar metaketa bat sortzeko, mehatxagarria askorentzat. Jatunaldietan ere halaxe, eta, horren erakusle, serigrafiatzeko modukoak izan ziren dozenaka esaldien arteko hau: «Lodifobiak kartzela-sistemak bezala funtzionatzen du; Barruan dagoenak (lodi dagoenak) jasotzen du zigorrik gogorrena, baina zigorrak gizarte osoa erregulatzeko eta kontrolatzeko balio du».

Astebete eskas barru hasiko da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia Getxon. Aldaketen artean, “kartzelako lanari”  “ganbarako lana” deituko zaiola hemendik aurrera. Ariketari egoki datorkion terminoa. Har dezagun kontuan, ordea, bertsolariak ez duela lepo gainetik soilik kantatzen, ahotsa duela, gorputza ere badela oholtzan dagoena eta, bizipenez gain, munduari nondik aurre eta nondik men egin erabaki duela, hein batean. Ganbara astinduaren azpian bertsotan islatzen den egitura oso bat dago eta entzuleak ere, egiari zor, bertsolaria ikusi, imajinatu eta espekulatu egiten du, ez da entzun hutsean geratzen.

Ez dago ezer neutrorik, baldintza da nagusi eta, ahaleginik egin ezean, ez ditugu moldeak zartatuko (gure propioetatik hasita). Beraz, presta gaitezen BTN22an pitzadurak sentitzeko, erosoegi sentitzearen aldean ederra da eta.

P.D.: Kartzelako ariketan ohikoa zen potolokeriak botatzea. Ea ganbarako lanak ez dion ezikusia egiten gorputzari eta, bide batez, lodifobiari eta bertsolaritza galbidera daramatelakoan ditugun fobiei buelta pare bat ematen diegun.

Buscar