Ostegunean zabaldu zen notizia: «Petrolio-ontzi bat Suezko kanalean hondartu da eta ordu luzez berpiztu du kolapsoaren mamua». 2021eko martxoaren 23an buke bat geratu zen astebetez ez aurrera ez atzera kanal horretan. Memegintzarako urrezko hornidura-iturri bilakatu bazen ere, kanala blokeatzeak kolapso material handia eragin zuen, antza. Albistegiak zabaltzeak zer ekarriko eta denon ahotan ibili zen kontua izan zen. Agerian utzi zuen sistemaren ahultasuna, «beharrezko» ditugun errekurtsoak pasabide bakarraren mende egotearen arriskua eta bide alternatiboen ezagutza falta. Hala ere, ez omen da gaitzik on gaberik eta izugarri ikasi, tira, gogoetatu, tira, eztabaidatu genuen auziaren uneko zein aurrera begirako irtenbideez. Edonola ere, txingarretatik sua erraz pizten da eta urte eta erdi beranduago askoz ere prestatuago harrapatu gaitu hondartzeak, baina, horixe, harrapatu gaitu.
Gertakari adierazgarria, inondik inora, esaterako, covid-19aren pandemiarekin alderatu daitekeena. Besterik baletor, ez gaitu lo harrapatuko, biziraute gida ezin garatuagoa dugu. Garrantzi izugarria eman diogu etxearen argitasunari eta balkoia oinarrizko elementu egin nahi da legez; master ofizial baten baliokidea behar lukeen ezagutza dugu postregintzaz oro har eta mikrouhin-labean katiluetan egindako mug cake-z espezifikoki; zer esanik ez ogigintzaz eta amak behar duen eskuaz; bikain ulertu dugu zein izan ziren egoeraren kausa eta ondorioak; eta kontzientziari astinaldi ederra emana diogu, #km0, #BertatikBertara, #auzobizitza, #ZainduDezagunElkar.
Suezko kanala ordu batzuetan zehar kolapsatu izana, ordea, ez zen izan irailaren 1ean izan genuen berri bakarra. Iraila normaltasunez hasi dela da notizia nagusia, alegia, 2019koaren antz handiagoa duela 2020koarena baino. Esatea zilegi bada, gure bizimoduek bezalaxe. Dirudienez, kolapsoa itzuli artean normaltasuna performatzea erabaki dugu, letorkeena letorkeela, askoz prestatuago harrapatuko gaitu, baina, horixe, harrapatuko gaitu.
Txingarretako Suez
Gertakari adierazgarria, covid-19aren pandemiarekin alderatu daitekeena. Besterik baletor, ez gaitu lo harrapatuko, biziraute gida ezin garatuagoa dugu.
