Leku gutxitan ikasiko da bizitzaz tratu-azoka batean baino gehiago; bertan, hezurmamitu egiten da “asko daki saguak, baina gehiago katuak” esana. Zepoan erori ondoren ohartzen zara katuak prestatua zuen enboskadaz, zure legea jartzen ari zinelakoan, janda bukatzen duzu. X-gatik zenbat? Hamar. Hiru. Bost. Ados. Prezioa erdira jaitsi diozulakoan harro zaude, kontuan izan gabe tratulariak bilatzen zuena zela bitik gora saltzea. Eta, bide batez, behar ez zenituen galtzak daramatzazu etxera.
Tratuaren kultura ez da azoketara mugatzen, jakina. Oraintsu ezagutu da Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plan Sektorialaren aurrerapena, zentral eolikoen eta fotovoltaikoen kokapen posibleen gainekoa. Energia sorkuntzaren gaia lehen lerroan dagoen honetan, Jaurlaritzaren asmoa da 2030erako energia berriztagarrietatik eratorria izatea kontsumoaren % 21 eta 2050erako % 40. Ehuneko horietara heltzeko sorkuntza berriztagarria areagotzea da bide bat, baina, ez bakarra, kontsumoa murriztea ere badago. Oraingo honetan ez gara horretan sartuko. Kontua da Jaurlaritzak, orain, eolikoak dituela kutun. Balio ekologikoko naturguneak babestuko omen dira, lasai egoteko, hala ere, Arantxa katu-jendea da, eta aurrez utzi zuen prest goi-mailako interes publikoko proiektuen legea, badaezpada. LPSak egiteko bide luzea badu ere, tratulariek badakite negoziazio mahaia prestatzen, zeren energiaren mendekoak gara eta, denari ezetz esan ezin omen zaion gisan, nork esan aukera ona denik gure beharrak asetzeko besteen lurraldeak txikitzen jarraitzea. Premisak norbere diskurtsora egokitzea arte bat da, gainera, eta demagogia ukitu batekin, horrela gabiltza energia elektrizitatea dela eta, irtenbide eraginkorrena bertako mendi eta teilatuak ustiatzea dela sinetsita. Abiapuntua hori izanda, proposatzen diren 140 lerrokadetatik zenbat onartzeko prest geundeke? Horietatik 14 egiten badira, ospatzeko moduan izango gara? 140 lerrokadak eraikiz gero, akabo buruhauste energetikoak? Argi ibili behar nork gauzkan sagutzat.
Zenbatean haize-errotak?
Premisak norbere diskurtsora egokitzea arte bat da, gainera, eta demagogia ukitu batekin, horrela gabiltza energia elektrizitatea dela eta, irtenbide eraginkorrena bertako mendi eta teilatuak ustiatzea dela sinetsita
