Genesiko lehen kapituluan Elohim −Jainkoa− zera urrun bat da, soilik ahots bidez ageri dena. Bere hitzek, esan bezain pronto, mundua ernarazten dute, perfektuki. Sortzen da argia, materia, denbora, lengoaia, mundua interpretatzeko modua bera. Baina, Genesian bertan, bigarren kapituluan, egoera bestelakoa da. Gizakiaren jaiotza azaltzen duten txatalek beste tradizio batetik edaten dute, ez datorrena bat aurreko kapituluarekin. Zaharragoa da, ziur asko. Kasu honetan mundua ez da ahots urrun baten fruitu armoniatsua, Edengo lorategian paseatu eta gorputza duen Jainko baten sorkuntza gatazkatsua baizik. Barà aditz hebrearraren partez yatsar baliatzen du Bibliak, esan nahi duena «forma eman buztingile batek bezala». Sorkuntza mota honetan akatsa gerta liteke, materiak aurre egin dakioke eskuari. Eta, batez ere, ez da ezerezetik sortzen den zerbait: aurrez dagoen hori baliatu beharra du Jainkoak, lurraren bertute eta akatsekin, munduak aurretik duen historiarekin.
Goiko hitzak ez dira nireak, Raül Garrigasait idazle katalanarenak baizik. Bere azken liburua, “La roca i l’aire”, oso interesgarria da eta lotzen ditu erlijioa eta arte sorkuntza. Kontatzen du nola pare bat milurtekotan, XVIII. mendera arte, guk sorkuntza artistiko deritzogun hori ez zen yetsirà besterik, «facere», «faber», «ars» edo «compositio» bezala materia moldatzen duen abilidadeari erreferentzia egiten zion hitza. Schillerrek bihurtu zituen sortzaileak −poetak− Jainkoaren bidelagun inspiratu, alboratuz poesia okzitaniarren filosofiaren muinetik zetorren «trobar» −aurkitu− aditza.
Bartzelonan, 2023an, Eulàlia Lledó eta Carme Junyentek eztabaidatu zuten hizkera inklusiboari buruz. Lehenak zioen, hizkuntzak eratzen duenez mundua, hizkera inklusiboa ezinbestekoa dela. Bigarrenak hizkera inklusiboa ezarrita ere, ingeniaritza fakultate baten adibidea jarri zuen, urtero matrikulatzen zen emakume kopurua izoztua zela. Beste nonbait bilatu behar zirela palankak, ez hizkuntzan.
Ahotsa eta eskuak, dena behar da mundu berria sortzeko. Horra Bibliaren lezioa.
