Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Angurri

Jane Jacobsek bazioen dendarik gabe kaleak arriskutsuagoak zirela Euskal Herriko praktikak erakutsi du politikoki ere aseptikoagoak izango direla

Behin, Arrasateko  Eroskiko kutxetako batean nengoen Sagrario Lopez, tabernari, militante, feminista eta poeta zena niregana etorri zenean, angurri borobil handi bat besoetan zuela. «Eneko, azkenean argi duzu zer den kontrabotere popularra?».

Lotsagorritu egin nintzen azkenean horrengatik, kutxan nagoela oso biluzik sentitzen naizelako bestela ere nire erosketa denak agerian eta, ziur asko, Sagrarioren naturaltasuna nire zurruntasun maskulinoaren antonimoa zelako. Ezetz esan nion, baina erantzun bila jarraituko nuela.

Urte batzuk pasatu dira eta Eroski handiari begiratzen diodanean, sarri, eszena horren akordua dut. Beste batzuetan, ordea, ikusi ohi dudana da greba orokorretako gure arrakastaren adierazle zena, hura baitzen garai hartan herriko saltoki handiena eta aspirazio grebalarien gailurra: gogoangarria zen Eroski ixten zuen greba. Ez haien kontra ezer berezirik genuelako, neonezko alkazar burgoia ordenaren plaza gotor zelako baizik. Han egoten ziren ertzainak pikete informatzaileen zain, gure hezurrak berotzeko prest.

Uste dut milurteko berrian sartu ahala egin geniola uko balentria hari. Grebatan erdiguneko denda txikiak ixtearekin aski genuen nonbait, edo, behin dendari batek tentsio une gori batean leporatu zigun bezala, galdua genuen adorea haize errotei aurre egiteko. Ez dakit arrazoi zuen, baina, ginena maiseatu aurretik, nire kolkoari diotsot ez zirela garai errazak izan eta, ubeldurak pilatzen direnean ubelduren gainean, mundua bera ere estutu egiten dela.

Historiak, alabaina, errima baldarra du: egun supermerkatu handiak zabalik daude Amazon moduko erraldoien mehatxupean, eta denda txikiak saldoka ixten ari, baina errelebo eza dute pikete, besteak beste. Galera horrek edukiko du ordain politikorik: Jane Jacobsek bazioen dendarik gabe kaleak arriskutsuagoak zirela, Euskal Herriko praktikak erakutsi du politikoki ere aseptikoagoak izango direla. Herri sakabanatuak halako herrigintza dakar.

Urrunetik angurri bat pirritan datorkit. Bekokiko izerdia xukatu, belaunikatu eta besoak ireki dizkiot.

Buscar