Munduan den antzoki ezagunenetako bat da Milango Scala. Tradizioaren tenplua da eta, David Puertas eta Jaume Radigalesek operari buruzko liburu gomendagarri batean aipatzen duten bezala, baditu bere tiffosi propioak eta guzti. Operazale sutsu hauek loggionisti izena hartzen dute loggione-an, goiko galeriatan, egon ohi direlako. Hala, loggionisti-en epaiak erabaki dezake kantari bat ondo hartua den Milanen edota gaitzespen oihu artean erretiratu beharko duen. Verdi eta Puccini eurek ere jasan behar izan zituzten txistuak estreinaldi batzuetan, nahiz eta beste batzuetan txalo zaparrada itogarri bat irabazi. Scalan jazotako pasadizo onenen artean dago behin, Riccardo Muti zuzendariari, «O Do o mort» pankarta erakutsi ziotela publikotik "Trovatore" obra zuzendu zuenean. Horra bekatua: Verdik partitura originalean halakorik idatzi ez zuela argudiatuta, ez zuela hirugarren ekitaldia ixten duen Manricoren cabalettan goiko do-a sartu.
Halaber, Scalako anekdota onena, ziur asko, Maria Callasena da. Renata Tebaldi sopranoaren jarraitzaileek barazkiak eta fruta jaurti zizkioten agertokira, gaitzespena adierazteko edo, eta Callas handiak lore sorta bat balitz bezala lurreko dena batu eta ozen galdetu zuen: Non jaso dituzue halako barazki freskoak negu betean?
Euskaldunok, dena den, ez genieke inbidiarik eduki behar milandarrei. Akaso ez dugu mundu mailan horren ezaguna den antzokirik, baina, inon handia den antzerki obrarik bada, hura Abiadura Handiko Trena da. Hamarkada bi badaramate hainbatek gu konbentzitu nahian diruaren putzu beltz erraldoi hori dela gure mugikortasun arazo denen soluzioa. Fartsa galanta. Haiek plaza publikoko agertoki gainean ikusita sarri gure burua engainatzen dugu, sinesteraino txalo edo txistu egitea dela demokrazia deritzon funtzioan gure aukera bakarra. Zibismoaren tranpak eragindako ondorioa ote da irudimenaren kamuste hori? Atsekabetu nau baita Lezetxikikoa justifikatzeko agintarien hitz teleberrituei darien dotorezia petralak. San Anbrosiok anpara gaitzala.
Antzerkia
Hamarkada bi badaramate hainbatek gu konbentzitu nahian diruaren putzu beltz erraldoi hori dela gure mugikortasun arazo denen soluzioa. Fartsa galanta.
