Aro kuantikoan dago Euskadi. Ez diot nik hori, Eusko Jaurlaritzak baizik, IBMk Donostian ezarri duen ordenagailuaren harira. Fisikaz zerbait dakiten lagunak galdekatu ditut «kuantiko»-ren esanahia ulertzeko, zeharo ezjakina bainaiz horretan, eta bi gauza ulertu ditut. Bata, fisika klasikoarekin alderatuta oso gauza txikiez dihardu fisika kuantikoak −txiki adjektiboak zentzurik badu−, partikula atomiko eta subatomikoez. Bestea, fisika klasikoan, teorikoki, magnitude fisiko bat hainbat aldiz neurtuta ere balio bera lortuko genuke. Fisika kuantikoan, berriz, egoera kuantiko bera neurtuta emaitzak alda litezke eta probabilitatea sartzen da jokoan emaitzak lortzeko orduan.
Horrela aro kuantiko honetan has zintezke Louvreko lapurretari bueltaka eta oroitu 2017ko urrian Oñatin ostutako Seat Ibiza bat. Lau hilabete geroago Besaideko tontorrean erreta agertu zen autoa, eta hondakinengatik ernegatu Arrasateko mendi elkartea, zeina ez den alferrik Besaide deitzen. Ez da edozein toki Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba batzen dituen tontortxoa, hildako mendizaleak oroitzeko espazioa ere bada. Gainera, memoriak kale egiten ez badit, autoa mugituz joan zen batetik bestera −uler bedi mugitu zuten, aro aurre-kuantikoa zenez gero− eta horrek dantzan jarri zuen foru erregimenen eta udal eskumenen araudia. Azkenean pausatu zen −zuten− Seat Ibiza dontsua lur arabarretan, eta Aramaioko Udala izan zen bertatik erretiratu zuena.
Azken egunetan zur eta lur jarraitu dut Jaurlaritzaren azken burutazioa. Lortu berri dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Renferen aldiriko tren zerbitzuaren eskumena eta izena aldatu nahi diote. Aukeren artean, hara non, Besaide. Dongea behar du izan batek proposatzeko tren zerbitzu gabe zigortu diren hiru herriren −Aramaio, Arrasate eta Elorrio− arteko topalekuaren eta AHTren obrek nabarmen kaltetu duten toki baten deitura horretarako. «Hil da Besaide, gora Besaide» oihukatzea falta zaie soilik. Herritarrek, zorionez, beste izen bat aukeratu dute: Lottu. Zatar askoa, baina kuantikoa.
