Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Bizi garen seinale

Italo Calvino gaztea sosik gabe zegoen 1947an eta familiarekin igaro behar izan zituen, San Remon, Aste Santuko oporrak. Einaudi argitaletxean ez zuen soldata dezenterik eta kazetari lana onartu behar izan zuen “l’Unità”-n, Alderdi Komunistari lotutako kazetan. Maite zuen argitaletxeko lana, ez pentsa, bazuen xarma intelektuala, kultura handiko bulegokideak zituenez gero. Baina goiz eta gau egin behar izaten zuen lanean eta saria, aldiz, urria zen. Kazetariak hobeto bizi ziren editoreak baino, antza, eta, gainera, Calvinok uste zuen egunkari batean lan egiteak berarekin zekarrela ofizio kualifikatu bat ikasi eta edukitzea ere, argitaletxeetako erredaktoreek ez zuten zerbait. Einaudiko diru kontuen adierazgarri da –hala baieztatzen du behintzat Carlos Claveria Laguardak gaiari buruzko bere liburu mamitsuan– zeinen argal ageri ziren argazkietan Cesare Pavese, Natalia Ginzburg eta Italo Calvino argitaletxeko langileak.

A zer hiru munstro intelektual, ez da hala? Eta, halere, Paveseri egozten zaio gerraosteko akats editorialik handienetako bat: 1947an arbuiatzea Primo Leviren “Hau gizon bat bada” obraren argitalpena. Adituen arabera, bi hipotesi daude Paveseren ezezkoa justifikatzeko. Bata, ez zuela zirriborroa irakurri ere egin, gerra amaitu berritan holokaustoaren tragediaren tamainak gain hartzen ziolako. Bestea, justu kontrakoa; irakurri zuela, baina mamia ezin digeritu, ordea. Ginzburgek 1947an adierazi zuen liburua argitaratu beharra zegoela. Calvinok, 1948an. Hamarkada bat geroago arte ez zen argitaratu Leviren obra Einaudin, berrargitaratu, zehatzago esanda, gorabehera ekonomikoak eta bestelakoak tarteko, jada Calvino editore-lemazain zela. Jakina da zer gertatu zen gero: liburuaren arrakasta estratosferikoa.

Pavese hala okertu bazen, bere zorroztasun intelektual alimalekoarekin, zer ote gara besteok, gizaberetxook? Eta, halere, ez dagokigu besterik gure konbikzioetan sakontzea eta erabakietan ausartzea baino. Akatsez beteriko ikasturte bat opa dizuet, bizi zareten seinale izango baita.

Buscar