Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Buelta

Demokrazia noiz bueltatu zain berrogei urte itxaron zutenek hazitakoa naiz. Horregatik badakit gauzak ez datozela berez, baina buelta oso behar zuena buelta-erdi izan liteke.

Aspaldiko partez frontoi batean nengoen, lagunartean, umetan bezala kale nork egin jokatzen. Hango algara eta hemengo gerri-buelta gogortua, ahotan irribarreak eta eskuak gorri. Tupust egin zuten bi lagunek eta, halako batean, «buelta» oihukatu zuen batek bizkor. Gizalegea markatzen duen jokaldia da buelta. Eskatuta hura ematen ez dizunarekin kontuz ibili, errotariaren zakuz baitabil munduan.

Zoritxarrez gutxitan egiten du buelta bizitzak. Florentzian laurogei omen dira Errenazimentutik hona agintean dauden familia aberatsak. Espainian, faxismoari esker, laurehun. Laia ahaltsua da, are ahaltsuago laiari lerroa, baina metalezko ziriek ere iraul dezaketena iraul dezakete. Behe laino artean dakusat paradisua, baina justua litzake orain goian daudenak noizbait behean egotea eta alderantziz. Hobeto adierazten zuen lagun baten aitak, galdegin ziotenean ea komunista ote zen, eta berak ezetz, berak nahiago zuela denok urtean sei hilabetez aberats izan eta beste sei pobre. Txandaka.

Demokrazia noiz bueltatu zain berrogei urte itxaron zutenek hazitakoa naiz. Horregatik badakit gauzak ez datozela berez, gauzak ekarri egin behar direla, baina buelta oso behar zuena buelta-erdi izan liteke, koilarari buelta emate hutsak ez baitu hobea egiten lapikoko janaria.

Atzera bueltarik gabeko zutabe amaierara iristen ari naiz, baina nahi nuke azken txilinbuelta bat egin. Buelten hariari tiraka ez esan gurean kalean jira eta buelta aritzea fama txarrekoa ez denik, estupen kontua edo zereginik ez duten izaki deslaiek ordenari dakarkioten mehatxua, zuzen eta bertutetsu denaren antonimoa baita herratua. Salbuespen batekin akaso, bizi gaituen munduaren adibide: Dorletako Ama txirrindularitza taldeak buelta eta errebuelta aritu behar izan du, errepidera irteteko ezinaren aurrean gaztetxoen lasterketa Arrasateko Markulete industria poligonoan itzulinguruka. Hau erakundeen petrala, bertakoei ukatutako sos eta duintasun apurrak Tourrari pagatu dizkiogu eta hark bueltarik itzuli ez.

Buscar