Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Curling

Vietnamen jatorria duen Kim Thuy idazle kanadarrak dio vietnamdarrentzat burua dela gorputzeko atalik behinena. Pentsa, handik, eta ez bihotzetik, dator maitasuna bera ere. Horregatik, hango bati kaskoa ukitzea iraintzat jotzen da. Esaldia irakurri nuenean, garai bateko olmeka herriak eginiko basaltozko buru erraldoiez akordatu nintzen, Veracruz urruneko Tuxtletako mendilerroan dauden horiez. Hamazazpi omen, guztira. Grazia egiten dit behialako olmekak irudikatzea, iruditzarrok ez hondatzeko oihalezko txapel erraldoiak josten.

Lotura jokoari jarraika, Eneko Anduezak Isaias Carrascoren omenaldi ostean eginiko adierazpenak irakurrita, nik neuk Oñatin ikusitako beste irudi batez oroitu nintzen: neguan hostorik gabe zen zuhaitz baten adarretik eskegita haizeak kulunkatzen zuen plastikozko poltsa txatal koloretsuaz.

Izan ere, nork esan zidan niri zauri bat arintzeko eginiko oroitza ekitaldiaren harira esandako zerbaitek niri beste zauri bat irekiko zidanik? Hemerotekan topa liteke nola PSE-EEko idazkari nagusiak etxerako lan etikoak agintzen zizkien, zizkigun, Arrasateko hainbat herritarri, eta, horri buruz pentsatuta, ondorio mingotsetara iritsi nintzen. Akordatu bainintzen iaz egin zitzaiola Triple A-k eraildako izebari lehen ekitaldi instituzionala –44 urte bakarrik itxaron behar izan ditugu–, eta sozialistek hilketa hura eta beste hainbat ahalbidetu zituen sistema defendatu eta txalotu ere egin dutela, hiltzaileak ordainduz, babestuz eta kasu batzuetan baita sarituz ere. Trantsizio eredugarriaren ipuina entzuten genuen bakoitzean zenbaiti mintz bat zartatzen zitzaigun barrenean. Zer pentsatu behar dut horri buruz, Andueza jauna? Har ote liteke etika horrela ahotan, torturatzaile zerrendarik gabeko torturatu zerrenden herrian? Hauteskunde giroaren parte da hau guztia?

Hamaika aldiz hasi eta aldatu dut zutabe hau, baina ezin barruan nituenak gorde. Pentsatu nahi dut, halaber, ari garela, baita Arrasaten ere, bizikidetzarantz oinez, bakoitzaren minak ariman dilindan egon arren.

Buscar