Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Domeka

Janzkera, garenaren ispilu. Hala, Uxue Apaolazak elkarrizketa batean dio Zararen erruz ezin dela identifikatu pertsona bat aberatsen klasekoa den edota langilea. Lehen bai, lehen errazagoa omen zen bereizketa, buzo eta antzeko lanerako arropei esker.

Ez zait inoiz halakorik otu. Nerabezaro sasoian merkatu-txikian saltzen ziren kirol zapatila imitazio marka irudimentsuak datozkit gogora, halakoak erosi ezin zituenarentzat kontsolamendu. Krudela izan zitekeen eskola patioa ez-edukitze horrekin. Akaso langile klaseko ez sentitzeko arrazoi pisuzkoagoa da etxejabe izatea soinean daramazuna baino. Baina tira, esan dizuet ez dudala askorik pentsatu horri buruz. Domekan ekin diot lerrook idazteari, jantzien zera buruan bueltaka dudan bitartean: edozer gauza, Fakturabai aplikazioa ireki eta egiteke ditudan lanak egin baino.

Gaizki ari naiz, atseden hartu beharko nukeen-eta. Lehen domekek bazuten esangura bat eta baita horren araberako janzkera ere –ezin kendu arropa burutik–: jai egun bakarra izaki, lanaz ari garenean etxetik kanporako lana aintzat hartzen badugu, dotore jantzi eta sozializazio egun handia zen. Arrasaten dantzaldia egon ohi zen plazako kioskoan, baita txikiteoa ere gizonentzat. Gaur egun esanahia irauli da. Arropen adibideari eutsita, askorentzat, niretzat barne, lanerako baliatzen ez diren arropa lasaiak janzteko eguna da. Izerditakoa, txandala eta enparauak, Decathloneko berriak eta Astoreko zaharrak. Domeka, haustura egun gisa.

Maitagarriak dira domekak, zinezkoa da 7Kren slogana, eta horregatik egin behar dugu borroka haiengatik. New Yorken ikusi nuen argi, Garcia Lorcak salatu baino ia mende bete geroago –impúdico reto de ciencia sin raíces–, Hedoi Etxartek aldarri duena: ordutegirik gabeko hiria, dena une oro kontsumigai duena, desorientatzen zaituen espazio atributurik gabea da. Domekatan jai, horra katolikoek harrigarriki sostengatzen ez duten leloa; familiak-lagunak-burkideak-amoranteak elkartu ahal izateko, eta, ahal dela, kapitalaren gurpila ordu batzuk geratzeko.

Buscar