Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Kukurruku

"The Princess Bride" filmean Vizzini zantarrak erronka egin zion Westley heroiari ea buru argitasun proba bat nork irabazi. Bada, duela egun batzuk, lagun bat eta biok antzera ibili ginen, baina traketsago. Gurea baitzen kontraesan aurpegiratze lehiaketa eta boxeolari zaharren uppercut zoli eta garratz ziren gure ahoetatik ateratako berbak. Lagunen artean jakiten baita non eta nola jo min emateko. Egia tristea da hori.

Gure sestra gerra oro bezala eguraldi oneko goiz batean hasi zen.

Ordutik nago bihozminez. Aldarte horrekin irakurri dut Kataluniako lagun on bik eduki duten ideia, elkarrekin ume bat munduratzearena, baina bikotea edo familia osatzeko inolako asmorik gabe. Fredi Payaren hitzaldi bat −edo artikulu bat zen?− etorri zait gogora, non aipatzen zuen euskal baserri giroan familia barruko harremanek ez zutela zerikusirik gaur egun dugunarekin. Aitaren presentzia ez zela horren determinantea, askotan absentea zela, eta baserrietan bizi zen beste gizon ugari zirela −osabak, morroiak, anaia zaharragoak− erreferentzia maskulinoa. Hau esanda ez dut iritzirik Kataluniako familia modu horri buruz eta ez dut uste eduki behar dudanik ere: bakoitzak egin beza ahal duena eta badira lehendik ere, zorionez, familia bat ustez izan behar denaren araua hautsi eta aski pozik bizi direnak. Topa egin dezagun haien alde.

Laguntasuna, orkidea delikatu hori, Facebookek kontrakoa pentsarazi arren. Badut hor porroten bat edo beste, bistan da. Adiskidetasunaren fluxuan ur jauzia dena bihar izan liteke meandroa eta Ebro bezain zabala zirudien isuria gal liteke betiko, lurrak irentsita, Deguriako erreka balitz bezala. Minaren polisemia askatuko bagenu, mundua apur bat leunagoa litzateke.

Ez dakit noiz topo egingo dudan berriz lagun honekin. Akaso bihar, akaso urtebete barru. Noizbait bai. Otxandiok eta Aramaiok haien arteko muga zehazteko erabili zuten lasterketa proba berean baikaude biok, oilarrak kukurrukua jo eta bata bestearengana takarraran, jakin gabe topo egitean elkar besarkatu ala kolpatuko dugun.

Buscar