Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Larunbat goiza Zheng Herekin

Fer dissabte −«larunbata egitea», literalki− da esamolde katalana, adierazi nahi duena egunerokotasunean egin ohi ez den garbiketa sakona egitea etxean. Antza judu kristautuetatik dator, etxeko ateak eta leihoak zabalik egiten baitzuten garbiketa larunbatetan, bizilagunei erakusteko jada ez zituztela sabbateko jarraibideak betetzen.

Eta hala nenbilen zapatugintzan, trapua esku batean eta mustuka bestean, “A les Portes de Troia” irratsaioari esker Zheng He XIV. eta XV. mendeetako nabigatzaile txinatarraren berri eduki nuenean. Hura bizitza Zheng Herena! Gutxiengo musulman txinatarreko familia batean jaio zen, Yunnanen, eta aita Ming dinastiako tropek bere probintzia inbaditu osteko gerran galdu zuen. Mutikoa Ma He deitzen zen orduan, Mahomatik eratorria, eta 10 urte zituelarik erantzun lotsagabe bat emateagatik Ming armadako jeneral bati, gatibu hartu zuten. Handik gutxira zikiratu zuten eta gorteko eunuko bilakatu. 

Zheng He ez zuten bidali enperadorearen etxera, printzearenera baizik, eta horri esker hiriburuan edukiko ez zukeen hezkuntza eduki zuen. Gainera, egonaldian zehar printzearen lagun eta aholkulari hurbileko bilakatu zen eta karrera militar bikaina egiteko aukera eduki. Printzea Yongle izeneko enperadorea bilakatu zenean Zheng Heren akordua eduki zuen. Horregatik, eta musulmana zelako, eman zioten propaganda eta kolonialismorik gabeko inperialismoa bultzatzea helburu zituen “Altxor espedizioen” gidaritza. Bidaia horietan jendetza zioan: marinelak, soldaduak, kartografoak, itzultzaileak, medikuak, astronomoak, funtzionarioak, beharginak −presoak−... Orotara 300 bat ontzi eta 27.000 lagun inguru. Indiako Ozeanoa zeharkatu zuten, Txinaren indarra proiektatu eta diplomazia lantzeko. Bueltan etxeratu zituzten animalia exotikoak −jirafak, zebrak...−, istorioak eta sare komertzial sendo bat eraikitzeko kontaktuak. 

Zheng He hiltzean amaitu ziren itsas espedizioak Txinan, betiko. Askatasun eza fruitu antzua da. Loria badu, baina lastozkoa. Heroiak baditu, baina...

Buscar