Eneko Barberena
Eneko Barberena
Idazlea

Luxu

Port Aventura iruditzen zait bizi garen garaia ulertzeko modurik grafiko eta bisualena. Gogoan dut zabaldu eta gutxira egon nintzela lehen aldiz, artean Negu Gorriak martxan zela eta atrakzioek beste liluratu ninduela mundua bost kulturatara –Polinesia, Far West (sic), Txina, Mediterraneoa eta Mexiko– mugatu izanak. Globalizazioaren munduaren sinplifikazio lizun hori, bere jantzi, kontakizun eta menu estereotipatuekin. Hau mundu brejela, hau, Zara edo Fnac bakoitzak hiriaren arabera ñabardurarik ba ote duen asmatzen saiatzera garamatzana.

Port Aventurari buruz entzun dudan azkena da –ezin izan dut egiaztatu, web orrian galduta aritu naizelako– lehen sartzeko ilara bakarra zegoen tokian orain badirela bat baino gehiago, bakoitzak ordain dezakeen diru kopuruaren araberako abiada dutenak. Garaiaren sintoma izango da hala bada, bideojokoetan trebezia bidez bakarrik lor zitezkeen lorpenak orain erosgai dauden modu berean.

Diruarekin lor litezkeen pribilegioen beste adibide bat. Anoetan ere egon nintzen duela gutxi eta estadio barruan ardoa edan nuen, kopan, eta on askoa. Ez ninduten katxeatu sartzerakoan, zerbitzariak nituen eskura. Palko batean egon nintzen, alafede, lan kontuak tarteko, komentatzen nuen bitartean ea zergatik hustu zen kasik estadioa partida bukatzeko hamar minutu faltan, Europako sailkapenerako borrokan zen etxerako taldea bina zihoala. Tonto-harro egon nintzen handiki plantan, bertan egotea bizitzan behin soilik gozatuko dudan pribilegioa dela jakinda. Okerrena da ingurukoak ere gogaitu nituela biharamunean, orain begiratuta patetikoak diren arlote kontakizunez. Dagoen harrokeriarik tentelena da handiustea, badakit, baina ezin izan nuen ekidin. Zer pentsa handia eman dit horrek.

Ai, Anoeta. Duela 30 urte izan nintzen Realeko bazkidea. Etxetik eramaten genuen bi igandez behin ogitartekoa zilarrezko paperean batuta, maitasun osoz, behar den bezala, diruz erosi ezin den duintasun zaporea uzten zigularik mokaduak. Beste bat nintzen eta beste batzuk ginen. Zergatik?

Buscar