Siesta eten ala ez
Haien burua han etniako kide gisa hartzen zuten txinatarrentzat Harresi Handiak, ez Ming dinastiak ezagun egin zuen harrizko horma hark, aurretiazko hareazko eta buztinezko barrerak baizik, zibilizazioaren eta kaosaren arteko muga ezartzen zuen. Tamalez, gehiegitan uste du batek barbaroa hurkoa dela, baina adierazgarria da non jartzen zuten arreta. Haiek ordena ziren, nekazaritza lantzen zutenez gero, eta idazketaren eta zibilizazioaren jabe ziren. Parean zamaltzainak zeuden, nomadak, hiri finko gabeak, kaosa aldean zeramatenak trostan.
Halako kontuak nituen buruan, eta nola kristautasunaren arrakastaren gakoetako bat izan litekeen artzainen eta nekazarien arteko sintesia lortu izana −garizkoa baita Jaunaren gorputza, mahatsezkoa odola, baina artaldearen eta bildotsaren sinboloak garrantzitsuak dira oso−, reggae coverrak egiten zituen musika talde batek, Arabako igerileku batean, nire domeka bazkalosteko biaoa, siesta, aldrebestu zuen arte. Aurreneko bekaina altxa nuen abeslariak kanta bat eskaini zionean haien taldekide bati, ukrainarra izateagatik, eta herrialdearen omenez kantatu zutenean “Txoria txori” kantaren aldaera. Jarraian, kantari berak, beste taldekide baten futbol kamiseta aitzakia hartuta, Espainiako futbol selekzioaren aldeko proklama egin zuen. Txaloak aditu ziren eta bat groggy zegoen zerbait esateko ere. Izan ere, zer esango nieke? Mingarria zela gutxiengo nazionalekiko zapalkuntza estrukturala martxan duen Estatu baten propaganda aditzea une oro eta leku oro? Mikrofono batek berarekin dakarren botereaz jabe izan beharko liratekeela? Joan zitezela pikutara, besterik gabe?
Imajinatu ahoa zabaldu eta adierazpen askatasunaren matraka bota balidate bueltan. Esan beharko nieke adierazpen askatasunak ez duela dena ametitzen. Ala bai? Badu gaiak bere zera. Berriki, hainbatek, transfobia prentsan azaldu nahi du. Askatasuna, egin kontu, hitz arriskutsua da boterearen ahotan. Asmo oneko ezjakin hori, siestan jarraitzea aukera bat da zer esan ez badakizu. Eta, asmo txarra baduzu, beleak ipurbeltz esango dizu.
