0 comentarios

Bon soire. ¿Monsieur Cubillo?

Bon soire. ¿Monsieur Cubillo?

Rue Khalifa Boujtar-etik Avenue Pekinera bidea maldan gorakoa da. Ez dago arnasa hartzeko tarterik. Apurtutako eskailera batzuen ondoren lokaztutako bidezidor bat agertuko da. Ezin pauso erritmiko bat eraman, bideak ez du uzten. Elbarrientzako ezinezkoa. Argel-en dena da horrelakoa . Osasuntsu egon behar zara kaleetan gora eta behera ibiltzeko. 20 minututan egin dezakezu oinez Khalifa Boujtar-etik Pekin hiribiderako tartea. Kotxez, beste horrenbeste, Didouche Mourad-eko ilarak direla eta.

 Khalifa Boujtar

 

Khalifa Boujtar kaleko 56. atari parean jartzen denak ez du ezer berezia ikusiko. Ate soil bat bakarrik. Ondoan zabor pila bat metatuta, hiriburuko sinbolo bihurtzen ari den zabor meta nonahikoa. Ez dago giltzarik sartzeko zerrailarik, eta bertan bizi diren bizilagunek ez dute aspaldian tinbrerik jo. Kapela duen gizon batek ireki dit atea. Bon soire”.

 

Toki berean, baina 1978ko apirilaren 5ean, Antonio Cubillo, MPAIAC-eko lider herbesteratua  portal honetatik irten zen iluntze aldera. Khalifa Boujtar kale honetako eraikin honetan zuen La Voz de Canarias Librek egoitza (emisioa Argeliako irrati nazionaletik egiten bazen ere). Bertan biltzen ziren herbestean bizi ziren Kanariar Uharteetako independentistak. Apirilaren 5eko egun hartan, ohikoa zen bezala Cubillo, irratiko atea itxi eta autoz abiatu zen Pekin Hiribideko 55. etxera.

MPAIAC bulegoko atea Argelen

 

Atarira sartu orduko bi gizonezkok agurtu zuten. Bon soire. ¿Monsieur Cubillo?”. Labankadaz josi zuten. Horietako batek sabela zulatu zion eta odol isuri handia izan zuen ,beste batek  bizkarrezurra aldaka ondotik zeharkatu. Bizirik irten bazen ere, ez zen sekula berriro bere kasa zutik mantentzeko gai izango. Hasieran makuluekin, ondoren gurpildun aulki batean eserita egotera kondenatu zuten. Halere, bizirik ozta - ozta irten zen hilketa saiakera hartatik. Okbi jauna, polizia sekretua zen garai hartan. 2 metro pasa luze eta indar handiko morroskoa omen zen. Hura ikusi eta hiltzaileek izututa korrika irten omen zuten. Lurrean botata, odol putzu haundi baten erdian zegoen Cubillo, erabat akatzeko denborarik ez zuten izan. Zauriak presionatzeko hatzak nola jarri erakutsi zion Okbi-k, laguntza eske zihoan bitartean. Bueltatzean lurrean hil zorian zegoen kanariar liderrari galdera hau egin omen zion Labankadak eman ahala, isekarik egin al dizue?” Eta Cubillok, erabat ahulduta, ezezkoa esan zion. Ez zela inolako burla edo irainik egon. Orduan ez ziren argeliarrak, kanpotarrak baizik”.  Ozta-ozta iritsi omen zen ospitalera. Egun hartan ez zegoen trafiko handirik. Argelia - Hungria futbol norgehiagoka garrantzitsua ari ziren jokatzen eta.

 

Cylia kazetaria da. Amazigh argeliar gaztea. Bere aitona izan zen atentatu haren ondoren Cubilloren ondoan ospitalean egon zena. Beste aktibistak izututa ezkutatu egin ziren eta ez zen denboraldi batean La Voz de  Canarias Libre emisio gehiagorik izan. Nire aitona izan zen Cubillorekin batera Amazigh-en Kongresu Mundiala sortu zuena. Ali Maames zen. Ahaztezina izan omen zen. Hura ere izututa egon zela esaten zuen, ez zekitelako hasieran nor zegoen saiakera haren atzetik. Cubillok eta berak oso harreman estua zuten. Antonioren alabaren ezkontzara gonbidatuak izan ginen Kanariar Uharteetara.” dio Cyliak.

 

Touati Fouad ere kazetari amazigh-a da. Gertakari hura ikertu izan du baina gauza asko ilun daude oraindik”. Boumedian presidenteak, Cubilloren aurka hilketa saiakera  egon zela jakin bezain pronto mugak itxi eta estatuan zeuden espainiar guztiak atxilotu zituen. Banan- banan interrogatu zituzten eta harietako bi atxilotu. Harrituta geratu ziren FRAP-eko militanteak zirela jakin zutenean. Bata Juan Antonio Alfonso Gonzalez eta bestea Jose Luis Cortés. Biak, presiopean mertzenario gisa jardun omen zuten Jose Luis Espinosa Pardo-ren agindupean. Cubillo akabatzen ez bagenuen gure familia hilko zutela adierazi zigun” aipatu zuen Gonzalez-ek polizia argeliarrari. Espinosa Pardo talde armatuan infiltratua zegoen polizia nazionala zen eta Rodolfo Martin Villa-ren aginduetara. Hark eman omen zion Cubillo akabatzeko agindua. Nik bihotza ez dut ez gorria ezta ezkerrean ere!” zioen hilketa honen inguruan egindako dokumental batean. Hilketa saiakera honengatik Gonzalez eta Cortes Argelian bertan heriotz- zigorrera kondenatuak izan ziren, baina presiopean egin zutela jakitean,7 urte ondoren askatu egin zituzten. Espinosa-k 1988an 20 urteko kartzela- zigorra jaso zuen eta 7 urte beranduago, 1996an irten zen. Martin Villa ez zen sekula ikertua izan eta epaiketan behin baino gehiagotan aipatutako Conesa komisarioa ere ez.

 

Hilketaren zirrikitu guztiak argitu direla uste duenak, oker dabil. Ekintza honen inguruan beste pertsonaia batzuk ere izan ziren. Testigu bakan batzuk besterik ez zituen poliziak galdeketetara eraman. Beste askok ez omen dute sekula poliziaren deirik ere jaso. Okbi gaur egun erretiratuta dago, baina ez du gauza honi buruz hitz egin nahi. Zerbait gehiago dakienaren susmoa dugu berarekin egon garenok. Jakin izan nuen bere garaian hiru testiguk hiltzaileen autoan beste norbait zegoela esan zutela gidari lanetan. Ofizialki, sekula ez da agertu hirugarren pertsona hori. Baina 41 urte beranduago hiru lekuko haiek, hiru puntu ezberdinetatik ikusitakoari,. Okbi-k esan zidan duela urte batzuk, alemaniarra zela autoko gidaria,baina beste ezer ez dut jakin” dio Touatik telefonoz.

 

Fathma Boucha, La Voz de Canarias Libre eta MPAIAC-eko kideak elkartzen ziren etxe parean bizi da azken 50 urtetan, parez pare. Ondo gogoratzen ditut egun horiek” dio bere etxeko ate ondoan. Egun horretan bertan, gauean espainiarrak (sic) joan eta bi gizon agertu ziren. Atea zabaldu nahian zebiltzan eta nire senar zenak zertan  ari ziren galdetu zien. Antonio irten eta 30 bat minututara izango zen. Mohamed Sikhra-k (orduko bizilagun bat) denda itxi eta etxera zihoala ere ikusi zituen. Egun hartan lehenago itxi zuen denda futbol partidua  ikusteko. Zin egiten dut, egunkarietan agertu ziren bi espainiar atxilotuen aurpegirik ez nuela nik etxe honetan ikusi. Senarrak ere berdina zioen. Atea ireki nahian topatu zituenean frantses trakets batean erantzun zioten, etxe barruan giltzak ahaztuta utzi zituztela. Ez zuten frantsesez ondo hitz egiten eta senarrak esan zidanez ez ziren espainiarrak ere, euren artean ez baitzuten espainieraz hitz egiten” dio ate atzean senarrak belarria nola jartzen zuen erakusten duen bitartean. Biharamunean polizia agertu omen zen baina berari inork ez omen dio sekula ezer galdetu.

 

Konexio alemaniarra

 

 

Der Spiegel-ek, 1988. urtean Werner Mauss, espia alemaniarrak, atentatuan parte hartu zuela adierazi zuen eta Audientzia Nazionalean, hiru espainiar akusatuak epaitzean, haren  izena ere agertu zen, baina beste kasu askotan bezala, Mauss espia garbi atera zen epaiketa honetatik ere. Gutxi batzuk besterik ez dakite bere aurpegia nolakoa den. Espinosak sekula ez omen zuela ikusi aipatu zuen behin baino gehiagotan, ez zekiela nor zen. Beste bi akusatuak Juan Antonio Alfonsok eta Jose Luis Cortés-ek ez dute haren berri eman.

 

Cubillo-k bazekien bera hiltzen saiatu zirenak bi baino gehiago zirela. Ondo asko zekien baita ere bi pertsona horiek behartuta egin zutela hilketa saiakera. Nire aitonak ere horrela zioen. Ezinezkoa zen garai hartan atzerritik etorri eta egun pare batean azpiegitura sendo hura izatea, eta hiri kaotiko batean horren ongi mugitzea” dio Cyliak. Espinosa sekula ez bazen egon hilketa saiakera unean Argel-en, nork lagundu zien bi hiltzaile frustratuei?

 

Hemeroteka eta parte ofizialak irakurtzen baditugu Alfonso eta Cortés gertakariaren ondorengo orduetan atzeman zituzten Argel-en bertan. Baina ofizialki horiek izan ziren atxiloketa bakarrak. Cubillo MPAIAC-ek zuen lokaletik irten eta 30 minututara bi gizon atea irekitzen saiatu baziren, denbora kalkuluak egin ezkero ezinezkoa da haiek izatea. MPAIAC-eko inor ez omen zen bertara joaten gauerdia pasata eta norberak giltza bana zuen. Hortaz ezinezkoa baita ere kanariar militante independentistak izatea. Zin egiten dut nire familiagatik eta senar zenaren ohoreagatik pertsona horiek ez zirela poliziak” dio Fathma-k.

 

Alfonso eta Cortés-ek gogoz kontra, behartuta, egin zuten saiakera hura. 2010. urtean Cubillo, historia de un crimen de estado” dokumentala grabatu zuen Eduardo Cubillok, MPAIAC-eko liderraren ilobak. 1978. urteaz geroztik, lehenbiziko aldiz Cubillo  eta Alfonso  aurrez aurre eseriko ziren. Hark barkatu egin zion atentatu izana zergatik eta nola egin zenuen badakidalako, hortaz nire partez barkatua zaude” baina argi ikusten da, 30 urte ondoren oraindik galdera asko zeuzkala argitzeko. Halere, Alfonsoren hitzetan dokumental horretan, « labakandaz josita,hiltzat utzi nuen, beraz, neure itxura txukundu eta autobusa lasai hartu nuen” dio aurpegi larriarekin. Adierazpen hauek, ordea, ez datoz bat Cubilloren eta Okbi-k esandakoekin.  Horrez gain, Alfonsok konplizearen laguntzarik ez du aipatzen, bakarrik egin izan balu bezala kontatzen du gertaera. Susmagarriak suertatzen dira kontraesanak 40 urte pasa badira ere.

 

Argi dagoena da, Cubilloren aurkako ekintza horrek, estatu espainiarrari bakarrik egin ziola mesede. Urte horretan bertan Nazio Batuen aurrean hitz egin behar zuen Cubillok, Kanariar Uharteak territorio kolonizatu bezala onartua izan zedin, Afrikako hainbat lurraldek kontsideratzen zuten bezala. Hitzaldia bertan behera geratu zen eta ez zen nazioartean gehiago hitz egin gaiari buruz. Martin Villa ez zen sekula ikertua izan, ezta Conesa ere. Argeliak Hungariari irabazi zion eta MPAIAC-ek bere gainbehera hasi zuen. Kanariar Uharteak ez ziren sekula kolonizatutako eremutzat kontsideratu.

/