Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Apisonadora, ahuleziaren ikur gisa

Apisonadora gidatzen errege emeritua falta zen, bere balentriek ederki islatzen baitute zer den Espainia gaur egun, ETAren komodin «viejunoa» baliatu behar duena, besterik ez duelako.

Dime de qué presumes y te diré de qué careces», dio gaztelaniazko esaldiak, eta nago ongi lotzen dela Espainiako Gobernuak hainbat arma suntsitzeko egin duen ekitaldiarekin. Apisonadora bat arma zaharren gainetik pasatu izana metafora emankorra irudituko zitzaion komunikazioaren guru horietako baten bati, baina errelatoarekiko obsesioaren berri ematen digu, batez ere. Zergatik antzeztu behar dute behin eta berriro ETAren porrota? Beraiek ere ez dutelako sinetsi, jakina, eta, bestalde, ez dezagun ahantz, torturaren praktika sistematikoa inoiz baino ikusgarriago agertzen ari delako.

Itzul gaitezen apisonadorara, dena den. Irudi potentea, zalantzarik gabe… estatuaren ezaugarritze postinperial supremazista eta bortitza ikurtzeko, noiz eta monarkiaren irudia lur azpian dagoelarik. Espainia herrien gainetik pasa eta suntsitzeko makina bat da, hala esaten digu historiak: Espainia gainean, herriak eta herritarrak behean, hori bai irudi argigarria! Apisonadora gidatzen errege emeritua falta zen, bere balentriek ederki islatzen baitute zer den Espainia gaur egun, ETAren komodin «viejunoa» baliatu behar duena, besterik ez duelako.

Wendy Brown pentsalariak liburu interesgarria idatzi zuen, Berlingoa ez bezala, erori ez ziren edo geroztik eraiki diren harresien inguruan. Bere ustetan, harresi horietan estatuen subiranotasunaren galeraren isla ikusten ahal dugu. Ezintasunaren monumentu zirragarriak dira, beraz. Halako zerbait pentsatzen ahal dugu apisonadoraren performanceaz. Espainiar Estatuak aldarrikatu duena ez da ustezko garaipen bat, estatu gisa duen ahulezia estrategikoa baizik. Apisonadorak zapaltzeko borondatearen zapuzketa adierazten du, aniztasunaren orografia lautada bilakatzeko asmoa, eta, bidez batez, ezintasuna. Iraganera jo behar dute, behin eta berriro, orainaldi eta etorkizunetik ihes eginez: Espainiak arazo larria dauka eta ez du halako ikuskizunekin konponduko.

Buscar