Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Erruaren ikuspegiak ez digu onik ekarriko

Eskuinaren aldeko egiturazko indarrei ez die erreparatzen, esaterako, eta ontzat ematen du, nahi gabe bada ere, demokrazia liberal burgesaren iruzur nagusia; hau da, baldintza berberetan gaudela denok joko politikoan.

Italiako hauteskundeetako emaitzek piztu dute, berriro ere, ezkerraren «errua»-ren inguruko eztabaida. Labur esanda, batzuen ustez, eskuin autoritarioak irabazten badu, ezkerrari egokitu behar zaio ardura eta ez da azterketa gehiagorik behar, hor hasten eta bukatzen baita aintzat hartu beharrekoa. Irakurketa sinpleek onurak dituzte, jakina: ez duzu ahalegin handirik behar mundua ulertzeko. Gertatzen da, tamalez, sinpletasuna sinplekeria bilakatzen dela maiz, eta, hala delarik, borobilkeriak azterketa gaitasun ezaren sintomak izaten dira sakontasunaren adierazleak baino.

Nago erruaren ikuspegi kristaua atzeman daitekeela interpretazio sinple horietako batzuen atzean. Moralitateak hartzen duela politika estrategikoaren lekua, hots. Erruaz batera flagelazioa dator, bere hamaika moldeetan, eta ondorioa etxekalte galanta da. Erruaren logikak azterketa materialista baztertzen du, istant batean ezartzen dituelako errudun eta biktima lekuak, fenomeno batean korapilatzen diren faktoreei so egin beharrean. Eskuinaren aldeko egiturazko indarrei ez die erreparatzen, esaterako, eta ontzat ematen du, nahi gabe bada ere, demokrazia liberal burgesaren iruzur nagusia; hau da, baldintza berberetan gaudela denok joko politikoan. Hamarkadetan hedatu den subjektibotasun neoliberalaren eragina ez du ikusten erruaren ereduak, pentsamendu baikorrean harrapatuta dagoelako bera ere. Enprendedorearen figura nagusi da gaur egungo munduan, zeinaren arabera edozer lortzen ahal baituzu behar bezala jardunez gero, porrot izatekotan ardura zurea besterik ez dela. Horixe da erruaren ikuspegiak irentsi duena eta ondorioz, borondatea dena lortzeko gai balitz bezala, errezeta sinpleak ditu gertaera eta prozesu politikoak aztertzeko.

Kristau moralaren aztarnak batetik, balore neoliberalen irenspena bestetik, nahasketa ederra dugu! Bada, lagunak, halako irakurketak entzuten ditugu egunero Kataluniako prozesuaz, Ukraina eta Errusiaren arteko gerraz edo, urrutiago joan gabe, gure Euskal Herriaz.

Buscar