Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Eta, bat-batean, oligarkia aipagai!

Oligarkiak agintzen du Errusian, eta oligarkiaren interesak daude inbasioaren atzean; zalantzarik ez horretaz, baina hemen ere oligarkiaren interesak nagusitzen dira, besterik sinetsarazi nahi badigute ere.

Oligarkia» hitza oso zaharra da. Antzinako Greziatik dator eta gutti batzuen agindua adierazteko erabiltzen zen, gerora aberatsen boterearekin lotu zelarik. Esan dezakegu, horrenbestez, oligarkia eta demokrazia kontzeptu erabat kontrajarriak direla. Boterea oligarkiaren eskuetan badago, ez dago demokraziarik; ez bederen, egiazko demokraziarik.

Errusiaz ari direlarik entzun dugu maiz «oligarka» hitza azken garaiotan. Gurean, berriz, inork ez ditu Botin, Bill Gates edo Trump oligarka deitzen, aberats boteretsuak diren arren. Espainiar errege emeritua eskuliburuko oligarka dugu, bide beretik, baina inoiz ez duzue kontzeptu hori adituko hartaz ari direlarik. «Oligarka» hitzak bere geopolitika dauka: ez du balio mendebalde atlantistan, baina bai beste bazter batzuetan.

Errusian eta halako lekuetan daude soilik oligarkak. Hor boterea ez dago instituzioetan, eliteen eskuetan baizik. Eta, kasu, Errusiaren kasuan ados egon gaitezke horretan, baina zergatik dago oligarkia Errusian? Ba, aberastasun publikoaren pribatizazioari esker, aurretik ez baitzegoen halako aberatsik. Oligarkia errusiarra, beraz, Mendebaldearen bedeinkapenarekin egindako liberalizazio kapitalistaren ondorio da.

Errusiako oligarkia salatzen dutenean, ez dute arazorik boterearen banaketarekin. «Oligarka» hitza, beraz, «erregimena» bezala (Putinena erregimena da, beste batzuk estatuak dira, edo gobernuak), gerla kontzeptu gisa erabiltzen da, etsaitzat hartzen dena satanizatzeko, ez boterearen banaketaren eztabaidari heltzeko.

Eta, bai, oligarkiak agintzen du Errusian, eta oligarkiaren interesak daude inbasioaren atzean; zalantzarik ez horretaz, baina hemen ere oligarkiaren interesak nagusitzen dira, besterik sinetsarazi nahi badigute ere. Horregatik kapitalistak dira bai Errusia, baita Espainia eta Frantzia ere. Ez gaude gerla hotzaren aurrean, inperio borrokalarien arteko gerla batean baizik. Oligarkien arteko gerla batean.

Buscar