Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Haize hotzak ICElandetik

ICEland ez da Iceland; argitu dezagun hasieratik. Trumpek Iceland eta Greenland nahasten ditu, baina guk badakigu bi lurralde direla. ICEland aipatzean Trumpen Estatu Batuez ari naiz, ICEren lurraldeaz, hau da, indar polizial-parapolizialen menpekoaz. Eta ez da urteotan aspertu arte ikusarazi dizkiguten distopia horietako bat, errealitatea baizik. Ikusi dugu, egunero ikusten dugu: ICEko astopotroen erasoak eta, ondotik, agintarien babesa. Ez dira gertaera isolatuak, ez dira uniformedun baten edo besteren gehiegikeriak, estrategia baten hedapena baizik. Ongi pentsatutako eskala igoera bat, sua piztu eta zabaldu nahi duena, indarkeria eta askatasunen mugatzea hauspotu nahi dituena.

Halako bortizkeria ez da egun batetik bestera lehertzen. ICE bezalako egitura ez da erabaki huts baten araberakoa. Aspaldikoa da migranteen kontrako errepresio arrazista Estatu Batuetan. Obamak deportazio kopuru ikaragarria gauzatu zuen. MAGAkoen erasoak baditu aurrekariak, eta lan asko egina aurkitu dute. Baina bistan da kalitatezko jauzia ematen ari direla. Goizegi da apustu horrek izanen dituen ondorioak neurtzeko, baina AEBko sistema politikoan eragin handia lortzen ari da, oinarri demokratiko guziak urratzen ari direlarik.

Haize hotzak zeharkatu ditu Estatu Batuak literalki, baita metaforikoki ere. Dena izoztu nahi duten haize ufadak dira Trumpen aldekoenak, haiekin ez dauden guziak hormatu nahi dituztenak. Eta bai, hala nahi gaituzte, izoztuta, gaindituta, erreakzionatzeko gaitasunik gabe.

Haize hotz horiei aurre egiteko berotasuna bermatzen duten aterpeak eraiki behar dira. Eta gaur egun, horretarako,   gehiengoen babesa lortzen ahal duten espektatiba kolektiboak beharrezkoak dira. Afera ez da faxistak baino ozenago oihukatzea, erronka ez da haiek baino trollago izatea. Gutxiengo mesianikoek ez dituzte haize hotz horiek geldiaraziko. Bizitza kolektiboaren esparru guzietan lehiatzen diren subjektu kolektiboak behar ditugu, uzten den eremu oro izozten baitute haize hotzek.

Buscar