Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Korrika egiten duen herria

Korrika bizi gara gure garaikook, egia esan. Ez da beharrezkoa zehazki norabait joatea, horrelakoa baita gure existentzia, beti presaka, beti erlojuaren kontra, beti urduri eta nekaturik, lanean edo lanetik at, ia berdin da. Betikotasun hori aski berria da, alta, mundua azken hamarkadotan aurreko mendeetan baino askoz azkarrago bizkortzen ari delako. Korrika bizitzea egungo kapitalismoaren ezaugarria  da, eta, gustatu ala ez, gure bizi baldintzak ezartzen eta ezaugarritzen ditu. Gainera, korrika egiten dugu, kirol gisa, korrika bizitzeko estresari ihes egiteko. Korrikaren buklean gaude sartuta, harrapatuta, nolabait esateko, mundu ero batean.

Baina badaude korrika egiteko beste modu batzuk eta AEKk antolatzen duen Korrika dugu horren adierazle. Euskal Herria zeharkatzen dugu korrika, baina es estresaturik, irria ahoan baizik. Eta Korrika egiten dugu ederki dakigularik nora joan nahi dugun. Korrika hartzen ahal dugu, horrenbestez, korrika dabilen mundu ero honetan egoteko modu ezberdin baten gisara. Sikiera egun batzuetan gure buruaren jabe bilakatzeko, norabidea eta erritmoa guk ezartzeko. Herri bat mugimenduan, horixe da Korrika, azkenean!

Korrika, bestalde, gure herriaren azken hamarkadotako ibilbide historikoaren isla ere bada, dagoeneko ziklo berri batean gauden honetan. Korrikak badu epika ere, ez baititu beti txalo artean zeharkatu gure bide eta kaleak. Izan ere, bidea egin behar izan zuen Korrikak jarri zizkioten oztopoen gainetik. Gaur egun, Korrikan ibiltzen dira iraganean oztopoak jarri zizkioten batzuk, eta hori pozgarria da eta gure herriaren aurrerapen kolektiboaz asko esaten digu, baina gogoan izan behar dugu, gertatu zelako.

Korrika egiten duen herria gara, erritual hau sortu eta elikatzen duen jendartea, hots. Horrela, besteak beste, elikatzen dugu gure komunitatea, loturak zainduz. Eta harrotzeko modukoa da, beste batzuek genozidioen, konkisten, bonbardaketen, lapurreten eta era guzietako krimenen bidez eraikitzen dituztelako beren nazioak. Beraz... ika, ika, ika!

Buscar