Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Labirintotik atera nahian

Iraganaren idealizazioa eta pentsamendu binarioa (instituzioak ala jendartea, alderdiak ala mugimendu sozialak, eguneroko lana ala hauteskundeak, militantzia ala indar bilketa...) arazo larriak dira. Eta ondorioak agerikoak dira

Ezin ditugu egungo erronkak kudeatu iraganeko kontzeptu eta ikuspegien arabera. Ezkerraren egungo arazo handienetakoa dugu gure garaian behar bezala kokatzeko zailtasuna. Ziurgabetasun eta konplexutasunaren aurrean, tentaldia handia izaten da beste aroetako segurtasunetara itzultzea. Tamalez, denboran zehar bidaiatzea baino, asmakizunen munduan sartzea bilakatzen da hori, iraganaren mitifikazioa baita itzultzen dena, ez gertatutakoa. «Erretrotopia» hitza erabili zuen Baumanek horretarako, eta begi-bistakoa da batzuek erabaki dutela asmatutako iragan batean bizitzea (eta politika egitea), inguruan duten mundutik ihes eginez.

Esperientzia historikoekiko mespretxua dago jarrera horren atzean. Bestela esanik, ikuspegi estrategikoaren galera. Lehengo egunean GARAn Sousa Santosek zioenez, ezkerrak alternatibak formulatu behar ditu, egungo neoliberalismo zapaltzailearen aurreko alternatibak. Baina horretarako, egungo munduan bizi beharra dago, eta une berean beste mundu baten desira antolatu eta bideratu behar da. Sousak berak aipatzen zuen herri mugimendu eta alderdien arteko harremanak bestearen bazterketaren logikatik atera behar ditugula. Bata ala bestea aukeratzea, osagarritasunaren aukera bera ahaztuta, etsipen estrategiko bat da, eta eraldaketaren bidearen ahultzea, beraz.

Iraganaren idealizazioa eta pentsamendu binarioa (instituzioak ala jendartea, alderdiak ala mugimendu sozialak, eguneroko lana ala hauteskundeak, militantzia ala indar bilketa...) arazo larriak dira. Eta ondorioak agerikoak dira. Badaude inperio erasotzaileen artean aukeratu behar dugula esaten digutenak, beraiek benetako ezkerra direla aldarrikatuz, beste guziok errefomista gisa hartuta. Baita langileriaren fetitxizazioa baliatzen dutenak feminismoa edota pentsamendu antikoloniala egurtzeko. Benetako ezkerraren izenean, jakina! Labirintotik ateratzea badago, zorionez, tentsioak kudeatuz, dogmatismoa gaindituz...

Buscar