Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Mozal Legea, oiloak, erdigunea eta periferia

Supremazismoaren ikuspegitik, menpekoen askatasun bakarra menderatzaileen arteko aukeraketa da. Batekin ez bazaude, bestearen konplizea zara, eta kito!

Oiloek txiza egiten dutenean mintzo dira haurrak» esaten ziguten ttikitan, eta tonu horretako mezuak aditu behar izan ditugu azken egunotan, ERC eta EH Bildu ez baitira sartu Mozal Legearen jarraipenaren eszenifikazioan. Legea bertan behera uzteko promesa ahantzita, haserre agertu dira batzuk, parodian parte ez hartzea salatuz, parodia zuritzen duten bitartean. Paperaren gainean araudia ezabatzeko gehiengo aritmetikoa egon bazegoen, baina ez dute erabakia hartu nahi izan, eta orain horren ardura norena eta deuseztatzeko asmoa zutenena da, to!

Ageri diren kritika askoren atzean bere burua zibilizatu eta arrazional hartzen duenaren ikuspegia eta estiloa daude, barbaroei zuzenduta, jakina. Ez da zorrotzegi ibili behar jarrera horietan erdigune moral-politikoaren fantasia hautemateko. Batzuek badakite zer egin behar den, eta besteok ez. Erdigunetik dena ikusten baita, horrenbestez, periferian periferia bera ere ikusten ez dela. Haiek erabaki dezakete, helduak direlako, guk ez! Nagusien baimena behar dugu, izan ere, erabaki zuzenak hartzeko. Supremazismoaren ikuspegitik, menpekoen askatasun bakarra menderatzaileen arteko aukeraketa da. Batekin ez bazaude, bestearen konplizea zara, eta kito! Ez baita gogoan hartzen erabakitze autonomoaren aukera.

Esan zen, ba, euskal estatuaren logikan zegoela ezker subiranista Madrilgo instituzioetan. Hainbatek ez zuten sinetsi nahi, erretorika hutsa zelakoan, edo. Ikusi dute, alta, determinazio sakona zela, EH Bildu ez baitago Madrilen espainiar Estatuaren apustu autoritarioak babesteko, euskal estatua sortzeko urratsak egiteko baizik. Eta bien bitartean, gustatzen ez bazaie ere, bere erabakiak hartuko ditu, zerumuga ez baita makurren eta makurragoen artean aukeratzea. Gauza bat da ardura, argi baitago gauzak ez direla hobetuko eskuineratze joerak (gehiago) instituzionalizatzen badira, eta beste bat xantaiak irenstea.

Buscar