Norbaitek uste bazuen Adanerok eta Sayasek emandako zartakoa gertaera isolatua zela, ez zebilen zuzen. Arazoa ez dago UPNren barruan soilik eta ezinezkoa da noraino iritsiko den aurreikustea. PPra pasa da orain sua, edo, beharbada, hortik iritsi zen Esparzaren alderdira. Afera da, edonola ere, zatiketa ikusgarria dagoela espainiar eskuinean, zeinean ezberdintasun politikoak eta botere lehia pertsonalistak elkartzen baitiren, batzuen eta besteen arteko mugak ikusezinak direlarik. Pertsonala politikoa dela dio feminismoak eta eskuinaren gerlan nabarmena da den-dena baliatuko dutela etsai bilakatutako arerioak erretzeko. PP bera kiskaltzen ahal dute anartean, baina, beharbada, beranduegi da dagoeneko hori galarazteko.
Interes pertsonalen atzetik, alta, eztabaida estrategikoak daudela pentsa daiteke, ohikoa duten era mafiosoan lehertzen badira ere, dagoeneko jarduera mafiosoak guztiz irentsi dituztelako. Alderdikideak ikertzea eta presionatzeko edo politikoki ezabatzeko erabiltzea aspaldiko jarduera da, Franco hil ondotiko trantsizioa egiteko funtsezkoa izan zena, ez dezagun ahantz. Egiturazko joera izan da aspaldidanik espainiar erresuman eta estatu sakonak baliatu bezala, alderdi batzuek ere erabili dute barne lehietan eragiteko.
Ustelkeria dago tartean, eta ez diogu garrantzirik kendu behar, baina Casadoren aldekoek ezin dute zintzotasun aldarririk egin, susmoen aurrean ez baitzuten ez komunikabideetara ezta epaileengana jo, Ayuso berarengana baizik, informazioari zukua ateratzeko. Sakonean, pertsonalismoen azpitik, estatu krisia dago, eta era berezian espainiar eliteek ibilbide orri argia adosteko ezintasuna.
Ia edozer gerta daiteke halako agertoki batean, «deuseztatze sortzailea» barne, hau da, PP dinamitatzea beste zerbait sortu edo indartzeko. Edo koalizio handia, trantsizio mitifikatuaren errepikapena salbazio gisa aurkeztuta. Napalm usaina ez zaigu soilik Genova kaletik iristen.
Napalm usaina espainiar eskuinean
Sakonean, pertsonalismoen azpitik, estatu krisia dago, eta era berezian espainiar eliteek ibilbide orri argia adosteko ezintasuna. Ia edozer gerta daiteke halako agertoki batean, «deuseztatze sortzailea» barne.
