Floren Aoiz
Floren Aoiz
Idazlea, Iratzar Fundazioaren zuzendaria

Xoriei mintzatzea ez da aski izanen, baina...

Kontua ez da, jakina, xoriei, erreka edo mendiei mintzatzea, ez bederen esanahi literalean, baina askoz ere hobe genuke haiekin mintzatzea, etengabean menperatu nahi izatea baino.

Kanta ederra dugu “Xorieri mintzo zen” izenburukoa, kontakizunean xorotzat hartutakoa zelarik naturarekin harreman osasuntsua zuen bakarra. Aurtengo Herri Urratseko kantuan berrartu dute gaia Zetak-ek eta Erramun Martikorenak: «Eta ez al gara xorieri mintzo diren xoroak izango, betiko? Zuhurrago gara izango xoriekin mintzatuz gehiago, gehiago»... Xoroa nor den, hor dago gakoa. Izan ere, non dago gure garaiko ergelkeria, xoriei mintzatzean ala bizitzaren eraispenaren logikan murgiltzean?

Udazken honetan Iruñeko Topaketetan parte hartu duen Hartmut Rosa pentsalariak erresonantziaren teoria proposatzen du, eta munduarekiko harremanaren gaineko teoria gisa aurkezten du. Rosak salatzen du bizitza onaren inguruko galderaren pribatizazioa, eta munduarekiko harremanetan kokatzen du erantzuna. Azelerazio orokorraz idatzi ditu beste liburu batzuk Rosak eta maila batean, berak dioenez, bizkortzea arazoa bada, erresonantzia izan daiteke konponbidea. Abiaduran eta menperatzeko obsesioan oinarritutako ereduen ordez, munduarekiko harremanen kalitatea, hots.

Badago arrisku «esoteriko» bat formulazio hauetan, jakina, eta berak ere aitortzen du, baina ez gara meditazioaz ari, jendartearen logiken eraldaketa sakonaz baizik. Eta eraldaketa horretan mugiarazten ahal gaituzten iruditeriak funtsezkoak izanen dira. Kontua ez da, jakina, xoriei, erreka edo mendiei mintzatzea, ez bederen esanahi literalean, baina askoz ere hobe genuke haiekin mintzatzea, etengabean menperatu nahi izatea baino. Hor dago, ene ustetan, kantuaren mezu sendoa, munduari bestela so egiten eta munduarekin bestela mintzatzen laguntzen ahal gaituena. Gaurkotasun handiko gogoeta dugu, beraz, bistan baita lotura hori behar bezala egiteko gai diren xoroak inoiz baino beharrezkoagoak direla, kantuan bezala, haizea gelditzea, xoriak isiltzea eta zerua luzerako goibeltzea nahi ez badugu, bederen. Xoro gehiago, mesedez!

Buscar