0 comentarios

Zer kontatu hura izan

Zer kontatu hura izan

1936ko Estatu Kolpearen ondorioz Nafarroako hegoaldeko azken herrietan gertatutakoa ezagutzeko asmoz Buñuelgo udalaren webgunera jo eta honako hau aurkitu ahal izan dugu:

La contienda civil en España, entre 1936 y 1939, afectó a la población de esta Villa, en que un importante número de vecinos jóvenes tuvieron que salir a los distintos frentes de combate, donde se produjeron numerosas bajas entre muertos y heridos, no llegando a afectar directamente las acciones bélicas a la población civil, ni a la Villa como tal.

Buñuelen ordea, herrian bertan, 50 pertsona erail zituzten, gehien gehienak 1936ko uztaila eta abuztuaren artean. Bereziki mingarria eta gogoangarria da abuztuaren 26ko gaua. Izan ere,  Buñuelgo herritarrek beraiek 26 pertsona atxilotu, bahitu eta erail baitzituzten gau hartan. Hala ere, Udalaren errelato ofizialak dio herriko gazte ugarik joan behar izan zuela frontera, han asko hil edo zauritu zirela baina, eragin belikoak ez ziola herriari eragin. Txintik ere ez herrian bertan eraildako jendeari buruz. Faxistek badakite, ongi jakin ere, ez kontatzea, ezkutatzea, ixilaraztea ere errelatoa dela eta horrela jardun dute Diktaduran eta ondoren ere. Musikan ixiltasun momentuak ere musika direla bezain ebidentea da, gertatutakoa ez kontatzea errelatoaren partea dela. Lehen gezurra zen, geroago ez dira bazterrak nahasi behar, orain elkarbizitzaren izenean hobe ahaztea. Forma desberdinak erabiltzen dira baina helburua bera da: ixiltasuna. Gaur egun arte iritsi da jardun komunikatibo hori, 2019an Buñuelen ez da kontatzen 50 pertsona erail zituztela, 2.800 biztanle zuen herri batean, kontatzen ez dena ez dela existitzen ederki baitakite.

Aste honetan bertan ezagutu ahal izan dugu 47 euskal herritarren kontrako 11/13 sumarioaren epaia. Ikaragarri esanguratsua iruditzen zait biktimen elkarteek garrantzi handiagoa ematea errelato ofiziala finkatzeari, herritarrei kartzela zigor handiak ezartzeari baino. Izan ere, argi dakite, errelato faltsutu hori errotzeko epaiak garrantzi handikoak direla euskarri ofizialak direlako. ETAren ondorengo une historiko honetan errelatoaren aldeko borrokak izugarrizko garrantzia du eta uste dut, oro har, ez garela ohartu horren garrantziaz eta ohartu bagara ez garela behar bezain tinko borrokatzen ari guk gure historia kontatzeko.

Liburuak argitaratu eta berriak iragarri dira, pelikulak egin eta egingo dira bai eta serieak egingo ere. Denak balio du errelato interesatuak egiteko. Bitartean, gaur egun, Buñuelen bezala, kontatzen ez dena ez da existitzen.

80 urte barru, 11/13 epaiarekin  gertatutakoaren berri izan nahiko duen historialari horri esan nahiko nioke, ordea, epaitutako 47 euskal herritarrek presoekiko elkartasuna izan dutela haien lanaren ardatz, Espainiako Estatuan elkartasuna delitu bihurtu dutela epai honekin, elkartasunaren bidea jorratu nahi dutenen gogoa kaltetatu nahi dutela adibide honekin, Euskal Herria herri librea izateko duen eskubidea beldurra eraginez eta bortxa erabiliz zapuztu nahi dutela eta hori izan dela urteotan gure izana ukatzen duten Estatuen jarduna. 

Oroimen historiko laburra dugu pertsonok, bihar, etzi gezurrezko egia ofiziala nagusi ez dadin gure errelatoa gardentasun osoz eta zintzoki kontatu behar dugu etengabe. Estatuaren mehatxuei men egiteak ez du inolaz ere zapuztu behar egiaren kontakizuna. Ekin diezaiogun, bada.

/