Iker Ibarluzea
Iker Ibarluzea
Meteorologoa

Eguraldiaren ezagutza

Zenbatetan pasa ote zaigu eguraldian aditu garenoi kalean lasai ederrean joan eta norbaitek kargu hartzea eguraldia asmatu ez dugulako. Askotan. Ez askotan asmatzen ez dugulako, baizik eta jendeak, ezagutza faltagatik, ez duelako iragarpena ondo ulertu. Honi gehitzen badiogu gaur egun mugikor guztietan eguraldiaren inguruko informazioa dagoela, are eta normalagoa iruditzen zait jendea tarteka kexatzea.

Gaur ez naiz sartuko mugikorretako iragarpenen fidagarritasunarekin eta iragarpen horiek norbanakoak nola erabil ditzakeen azaltzen. 

Interesgarria iruditzen zait eguraldian aditu garenok aditu ez direnei ezagutza arrunt batzuk transmititzea, etorkizunean jendeak eguraldia hobeto interpreta dezan eta iragarpenak hobeto uler ditzan. 

Gaur egun iruditzen zait, orain dela urte batzuekin alderatuta, eguraldi saioetan saiatzen direla jendeari ezagutza arrunt batzuk helarazten. ETBko eguraldi saioan hobekuntza nabaria izan da azken urteetan, eta iruditzen zait hori dela bidea. Sare sozialetan ere hobekuntzak nabariak dira, baina oraindik herren samar daudela uste dut, bereziki Instagram. 

Aditu garen guztioi dagokigu (tituludunak izan ala ez) jendea eguraldiari buruzko informazio erabilgarriz bustitzea, etorkizunean gaizki-ulerturik izan ez dadin.

Buscar