Idor daude lurrak
Orain aste gutxi Aralarreko irudi batzuk ikusi nituen eta bertako erreka bat oso ur emari eskasarekin ikusita harrituta geratu nintzen, baina banuen esperantza eguraldiak ekarriko zuela erreka hori asetzeko beharrezko ura. Baina garbi ikusi da ezetz.
Denbora asko darama eguraldiak fundamentuzko euririk ekarri ezinik. Horren erantzule nagusiak dortsal antizikloniko ezberdinak izan dira eta dira oraindik ere. Dortsal hauek airea zapaldu egiten dute presio altuaren eraginez eta horrek aire-masa ezberdinen arteko talkak egotea eragozten du, ekaitzak sortzea ekidinez.
Eta udan ekaitzak behar-beharrezkoak dira. Udan fronte indartsuak nekez sartzen dira, borraskak ahulagoak baitira eta antizikloiak bere nagusitza ezartzen baitu. Baina tarteka aire-hotz poltsek lortzen dute eguratsa ezegonkortzea eta ekaitzak lehertzea.
Aurten ordea aire-hotz poltsa horiek ez dute gaitasunik antizikloia lekutik mugitzeko eta ekaitzak sortzeko eta hortxe dago euri gutxi egin izanaren arrazoi nagusia.
Egia da euria izan dela egun hauetan, baina epe ertainera ez dauka itxurarik euria fundamentuz egingo duenik. Hori gutxi ez eta gainera beroak gogotsu itzuli nahi duela dirudi.
Beraz, panorama kaskarra daukagu epe ertainera. Ea abuztuak giro ezegonkorragoa ekartzen digun.
