Iker Ibarluzea
Iker Ibarluzea
Meteorologoa

Udazkenak eragiten al digu?

Eguraldiaz eta bere ondorioez ari garenean, askotan landaredian duen eraginaz aritzen gara; azken asteetan, lehortearen ondorioz, bereziki egin dugu. Baina eguraldiak ez du soilik landare, zuhaitz, soro edota ibai eta akuiferoetan eragiten. Gizakiarengan ere eragiten du. 

Batetik, udazkenean ohikoa den egoera bat daukagu: eguzki orduen jaitsiera. Horrek pixkanaka gure gorputzak egunean zehar jasotzen duen D bitamina kopurua jaitsarazten du eta horrek norberaren animoa apaltzea dakar. Pertsona guztiek ez dute berdin antzematen eta bada antzematen ez duenik ere, baina maiz eman ohi da egoera hori. 

Bestetik, eguraldi aldaketa bortitzak ematen dira udazkenean eta horrek gizakiaren defentsetan eragina du. Tenperatura aldaketa handiak ematen dira eta airean dabiltzan birusek errazago egiten dute eraso. Horregatik areagotzen dira gaixotasunak udazkenean. Presio aldaketa handiak ere ematen dira. Hau da, antizikloi egoera batetik depresio sakon bat edukitzera ordu gutxitan igarotzen gara, eta horrek presio arterialean arazoak dituztenei kalte egin ahal die, baita migrainak dituzten pertsonei ere. Horrelakoetan garrantzitsua da eguzki orduak ondo aprobetxatzea eta garaian garaiko elikagaiak jan eta edatea, gorputzaren defentsak behar bezala zaintzeko.

Buscar