Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

«a ze poza, zapo eza»

Jakina denez, zapo-hizkuntza euskaldunok erabili izan dugun mintzaira sekretua da. Hizkuntza ezkutu hori haurrek erabili ohi dute gainerako gazteek edota helduek uler ez ditzaten.

Hizkuntza tresna ahaltsua da, zaindu beharrekoa. Hitz zehatza erabili behar da, eta argitasuna ez da estilo-kontua soilik, baizik eta aldarrikapenei eta haien borrokei bizia emateko modu bat baita giza esperientziaren egia besterenganatzeko modua ere. Hitz zuzenaren eta ia zehatzaren arteko aldea dago hitz bakoitza baloratzen jakitean. Benetakotasunez idazten ikastea da hizkuntza on eta literatura ona zehaztasunetik, bizitzaren behaketatik eta bizipenetik sortzen direla onartzea.

Askotan, txosten ofizialek, hizkuntza politikoki zuzenak eta administrazioak oro har metahizkuntza kriptiko eta deszifraezinean oinarritutako adierazpenak erabiltzen dituzte errealitatea ezkutatu ahal izateko. Hori da politika instituzionalari dagokion «zapo-hizkuntza».

Pankarta eta kartel herrikoietan, aldiz, esaldi laburren eta hitz sinpleen alde egiten da beti, argitasuna baita idazteko modurik modernoena eta zintzoena. Apaingarri hutsak kentzeak ez du testua pobretzen, aitzitik, indartu egiten du.

Hizkuntzaren erabilera prestuak zehaztasuna eskatzen duenez hitz zuzenak argia ematen du beti. Literatura, prentsa oharra edo panfleto bat idaztea termino bakoitza zorroztasunez aukeratzea da; izan ere, termino horietan datza testuaren esanahia ez ezik, erritmoa, tonua eta zabaldu nahi den egia ere.

Zentzu horretan, eskualdeetako euskalkiak zehatz-mehatz erabiltzea ez da literatura aldarrikatzailearen apeta estilistiko bat, baizik eta espazioarekiko eta bere denborarekiko fideltasunaren aldeko apustu leiala. Hizkuntza nortasun-lurraldea da, eta literaturak arnasa hartzen du aniztasun hori errespetuz eta zehaztasunez birsortzen duenean.

Ernest Hemingwayk, Gabriel Garcia Marquezek edo Mark Twainek premisa horiekin lortu zuten autobiografia eta fikzioa bat egitea berezko ahots literarioa eraikitzeko.

Ez du balio, adibidez, honako hau esateak: «Hausnarketa-urte hauetan, ikusi dugu proiektu hau gauzatzeko bidea oso luzea, konplexua eta, hala eta guztiz ere, XXI. mendeko erronka konplexuetarako tamaina honetako proiektu batek eskatzen dituen berme guztien gabekoa izango litzatekeela».

Zehatzagoa da «Udaibai ez dago salgai».

a ze poza, zapo eza...

Buscar