Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Askatasuna literaturan eta errealitatean

Jean Paul Sartreren inguruan (1905-1980) istorio gehiegi korapilatzen zaizkigu egun. Izan ere, Sartre pertsonak haren literaturak asmaturiko pertsonaia ematen du, baina ustezko irudi hura ezin da beti erraz frogatu.

Idazle bakoitzak hartu beharko lituzke bere testuak beste baten izkribuak balira bezala, erabiltzeko, aipatzeko edota berregiteko.

Literaturari buruzko gogoetak esanahien sistemaz hausnartzea eskatzen du, ezinbestean, hizkuntza baita, beti, gogoetagai dena. Arteak, baita literaturak ere, ez du ezer erakutsi behar, ikusiezina azalarazi baizik.

Mota honetako idazkerak, Platonen harpetik kanpoko argitan oinarritzen denak, munduari berba eman behar dio.

Samuel Beckettek idatzitako Proust saiakera hartan bere nitasunaz aritzeko bidea erakutsi zuen. Literaturaren bidezko ikerketa ere zertan zetzan erakutsi zigun, zeren idazketa horretarako bidea baita. Hori dela-eta, 1938an kaleratutako "Murphy" eleberrian nabarmena da Spinozaren itzala, ezagutzarako adierazpen umoretsuaren aldarria.

Geroko idazkiek, askoz zailagoak, ekimen honen konplexutasunaren berri ematen dute, inoiz ere etsi gabe. Prousten antzera, paragrafo luzeak, adjektiboak hirunaka... berrikuntza imitaziotik datorrenean ezin da emankorra izan.

Ez baitago eredurik, ezta norberaren aurkikuntzatik abiatzen dena ere. Saiatzea da bidea, saiakela ahalegina, saiakera eta narazzioaren arteko mixtura, alegia, etengabeko sorkuntza adierazpenak munduaren berreskurapena dakarrelako. Eta irakurketa berri bakoitzak mundu berri bat irekitzen baitu. Eta, beraz, istorioen bidez saia daiteke hausnartzen filosofiaren bidez bezainbeste. Claude Mauriacek esan zigun: «Proust Picasso aurreko idazlea da». Idatz dezagun Platon eta Picasso gainditurik, ustez bizitutakoa baina ohiko ez denari erreparatuz eta, kobazulotik kanpo, begirada diferituari kasu eginez.

Derridaren postura, Proustena bezala, unibertsalkeria platonikoen aurkakoa izan zen, idaztea, bizitzaren antzera, ikasketa singular modura hartzen zutelako.

Pierre Klossowskik erakutsi zigunez, berbak nahiz izkribuak bilakagai dira, irudikapenik gabe, sentitzea, pentsatzea eta adieraztea ezinezkoa baita idazten ikasteko eredurik ez badago ere, eta, bakoitzaren berrikuntza zertan datzan jakiteko norberaren ikerketa egitea ezinbestekoa izan arren, Prousten adibideak, ikasketa ilunez harago, ahalik eta hoberen idazteko desira iraunarazteko eta idazkeran saiatzen aritzeko nondik norakoa erakutsi zigun, Swanen bidean.

Baina, Jean Paul Sartrek zioen moduan, «Idazlea bere garaikoa da. Nire aburuz Flaubert eta Goncourt Parisko Komunaren ondorengo errepresioaren erantzuleak dira, horri buruz lerro bat bera ere idatzi ez zutelako».

Idazlea ez da anakronikoa, toki jakin batetik idazten du hautatutako hizkuntza jakin batean.

Sartre zendu zenetik urteak pasatu arren, haren itzal intelektualari buruzko hamaika saiakera ari da argitaratzen oraindik. Batzuentzat filosofoa izatera iristen ez zen idazle polemikoa genuen (gogoratu Goragalea juduen jazarpen giroan eta Hitlerrek Austria bereganatu zuenean plazaratu zuela). Besteek, berriz, bere jakintza arloan, existentzialismoari egindako ekarpena nabarmendu nahi izan dute bereziki (Kierkegaard eta Husserlen fenomenologia Freudekin nahasi, norbanakoaren kontzientzia subjektibitate huts gisa aldarrikatuz).

Bakar batzuek, ordea, haren jite politikoaz nahiz jarrera erradikalaz ohartzen gaituzte (68ko Maiatzaren giroa eta Vietnamen aldeko apustua gogoratuz). Aipatu iritzi eta jarrera gehienek, halere, berak erabiltzen zituen betaurrekoen antzera pertsona eta emana artifizialki bereizi nahi izateagatik, Sartreren errealitate historikoa desitxuratu egiten dute, modaren araberako irudia marraztuz.

Jean Paul Sartreren inguruan (1905-1980) istorio gehiegi korapilatzen zaizkigu egun. Izan ere, Sartre pertsonak haren literaturak asmaturiko pertsonaia ematen du, baina ustezko irudi hura ezin da beti erraz frogatu.

Zabaldu den ohiko iritziaren kontra, zalantzan jartzen da gaur egun nazien aurkako borrokan erresistentziarekin lerraturik egon zela. Gerra hotzaren erdian Alderdi Komunistaren aldeko bere konpromisoa oso puntuala izan zela eta abar... Edozein modutan, erakutsitako jarrera pertsonal aldakor guztietan, haren izkribuetan etengabe agertzen den askatasuna kontzeptua berari antzematen zaio.

Gizakia, lehenengo Sartreren aburuz behintzat, kontzientziaren eta izatearen arteko kontraizanean ekoizten da, dialektika ezkor batean. Horregatik, askatasuna dugu etikaren funtsezko hastapena. Bai gizabanakoa, baita gizartearen iturburua dena. Arrazoi dialektikoaren kritika (1960) irakurri nuenean, giza harremanei buruzko orduko ikuspegi ekonomizista gainditzen erakutsi zidan, gizarte zientzietan ikuspuntu antropologiko berria bultzatuz eta, hartan, jakina, askatasuna «Madrilen zerbezak hartzera» ez zen mugatzen.

Batzuentzat Askatasuna askatasauna edo besteen akatstasuna besterik ez izan arren, hizkuntzaren errealitatea ez da errealatea izaten.

Buscar