Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Azurmendi & Aresti

Arestik Azurmendiri bere kezkak azaltzen zizkionean idazteko estilo berriaz ari zen, euskara berria eta batua aldarrikatzeaz gain, molde herritarrak lehenesten zituen eta, ildo beretik, herri xehearen hizkerari buruzko kezkak.

Gure poetika modernoaren ardatzak dira Joxe Azurmendiren eta Gabriel Arestiren idazkiak. Juan Mari Torrealdaik frogatu zuenez, zentsurek eta debekuek markatu dute euskal kulturaren garapena eta, nola ez, aurreko mendearen hirurogeigarren hamarkadan sortutako proposamenak ere oraingoz irauten duen subordinazianismoaren kontrako giroaren emaitzak dira. Alain Badiouk literatura ere insubordinaziorako iturria izan daitekeela esaten duenean (Badiou, A.-1997). L’insoumission de Jeanne. Esprit, 12.) Azurmendik eta Arestik idatzi zutenari buruz ari zela ematen du. Horrela sortu baitzuten poetika berria, non testuak ezin diren genero literarioen arabera sailkatu, aitzitik, idazkera “proaktiboak” dira, erasokorrak, sailkagaitzak bezain sortzaileak, eta haietaz aritzeko, jakina, bestelako hurbilketa literarioa eskatzen digutena. Gure hizkuntzaren historiak, gure historiaren hizkuntzak, gure poesiak edota entsegugintzak, aipatu testuinguruan kokatzeko premia daukagu eta bestelako idazkera eskatzen digute, beraz.

Kontzientzien kontrolaz hitz egiten digu Joxe Azurmendik, garai batean Elizaren bitartez egiten zena eta, orain, zuzenean, Estatuak egiten duena, baina, bortxaren monopolioa berarentzat gordetzen duen bitartean, gizakiaren berezko agresibitatea kondenatuz betiere. Kontuan hartu gabe, gainera, zentsuratutako haren Manifestu atzeratuan poetikoki azaldu bezala, bortxa ere emantzipazioaren aldeko izan daitekeela.

Gabriel Arestik, berriz, 1961ean idatzi zuen Zuzenbide debekatua eta hitz haiekin, Arestik esan nahi zuen Euskal Herriari zuzenbidea, justizia debekatu izan zitzaiola. Euskal Herriak Espainiatik ez duela inoiz aukerarik izan modu justuan tratatua izateko.

Biek, Azurmendik nahiz Arestik hautatutako hizkuntza, euskara batuak, suposatu zuen euskaldun guztien batasuna, eta, nola edo hala, honek batasun politikoaren aldarria zekarren berarekin batera. Aurreko planteamendua guztiz euskalkien aldekoa bazen, erabat “filologista”, nolabait esanda, eta Elizaren eraginaren menpekoa, batuaren aldeko jarrera berri horretan Eliza katolikoa gaindituta suertatu zen.

Euskara batuaren historian, eta hori behin baino gehiagotan azaldu da ikerketa desberdinetan, funtsezko etsaiak abertzaletasun tradizionaletik etorritakoak izan ziren.

Arestik Azurmendiri bere kezkak azaltzen zizkionean idazteko estilo berriaz ari zen, euskara berria eta batua aldarrikatzeaz gain, molde herritarrak lehenesten zituen eta, ildo beretik, herri xehearen hizkerari buruzko kezkak.

Sintesi berria ari zen erdiesten euskal literaturan eta, haren erdian, Joxe Azurmendik zabaldu zuen bere Manifestu atzeratua.

Horregatik Joxe Azurmendi ez zaigu agortuko bere saio eta liburu polemikoak ikertzerakoan soilik. Halaber, Gabriel Arestiren emariaz aritzeko ezin dugu bere kontrako norantzan, paralelotan, zebilen Joxe Azurmendiren arrastoa galdu. Aitzitik, horretarako, beste idazkera mota bat eskaini behar diegu bioi: Hotz-hotzean, hitz modestu hatz eratuaz... horixe saiatu gara egiten berriki plazaratutako Bioi, lagunarteko antologian Karmelo Landak eta biok.

Buscar