0 comentarios

Bakuko Bakea

 

 

Horrelakoa da bizitza. Aurreko batean izugarria suertatu zitzaidan. Atzerriko herrialdeko baten hiriburuan paseoan nenbilen asteburuan eta, hara non, aipatu nazio horren itzalezko bandera baten inguruan jendea pilatzen hasi zela konturatu nintzen. Bandera eta masta, esan bezala, ikaragarriak ziren. Oihala soilik, nonbait, hamar tonakoa, eta mastadia, berriz, nekez neur daitekeen horietako bat.  

Jendea biltzen ari zenez zer gertatzen ote zen galdetzeko ausartu nintzen eta, hangoek, bertan “biktimak” elkartu zirela azaldu zidaten. Zer nolako biktimak ziren zehazten saiatuko nintzen galdera gehiago luzatzen eta haiek, era asaldatuan, separatismo armatuak eragindako biktimak zirela arrapostu zidaten. Beraien iritziz, nazio lurraldearen parte batean piztutako gatazka zela medio hildako asko egoteaz gain, independentzia borrokatzen zen eskualde horretatik irtetera behartuak izan zirela eta hori agertarazi nahi zutela beren lurra eta bizitza babesteko gauza izan ez zen gobernuak jakin zezan.

Jende hitsa multzo handia metatu zen hiriburuaren erdian eta, adierazitakoaren arabera, ez omen zen lehen aldia eta ez zen azkena izango mota horretako bateratzeaz mendekuaren gosea asetzeko baliatzen baitziren. Alde batetik, beren gobernuaren alde zeuden eta, halaber, gobernuaren kontra, hark traizioa egin zielakoan…eta, jakina, ez zuten bakerik nahi apendua hartu baizik.

Entzun nuen Madrilen holako zerbait ere gertatu zela.

Niri, berriz, Azerbayango Bakun gertatu zitzaidan hori.

Azerbayango parte bat ( Nagorno Karabaj izenekoa) armeniarrek aldarrikatu dute aspaldidanik eta, haien borroka armatua dela bide, azeriar asko aldatu behar izan dute beren bizitokia Nagorno lur-sailak armeniarren esku utziaz.

Azerbayanen “demokrazia” omen dago. Duela gutxi izan dira hauteskundeak eta betiko alderdiak irabazi du aise. Beti bezala modu susmagarrian. Izan ere, bertan dagoen ustelkeria horren da nabarmen herriaren atxikimendua bermatzeko Nagorno bezalako erreferentziak alboraezin bihurtu direla nazioaren trinkotasunari heltzeko.

Horregatik antolatzen dituzte biktimaren elkartzeak egun bat bestearen atzetik, etengabe.

Hura dela medio omentzen dute beren bandera erraldoia…munduan dagoen handiena, bertan diotenaren arabera.

Biktimak behar dituzte biktima izaten jarraitzeko eta, bide batez, hango herria egoera politikatustelaz ahaztarazteko.

Azerbayango hau, ordea, ez da bakarrik Asiaren erdialdean suertatzen.  

Entzun dut Madrilen holako zerbait ere gertatu izan dela.

 

Fito Rodriguez

/
últimos posts
últimos comentarios