Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Biak ala biak

Eva duela hamalau urte zendu zen eta Alfonsok 95 urte betetzear dituelarik haien ibilbide adibidetzat hartu nahi dugu.

Duela zazpi urte Alfonso Sastreren lagun batzuek antolatu zuten Hondarribian Sastforest izeneko omenaldian aurkezle izatea egokitu zitzaidan berriki zendutako Nikolas Aldairekin batera.

Gustura asko saiatu nintzen mandatua betetzen, izan ere, niretzat Alfonso eta Eva, Eva eta Alfonso, biak ala biak, gertuko adiskideak izateaz gain, urteren poderioz, bizitzarako nahiz borrokarako funtsezko eredu bilakatu dira.

Orain, Alfonsok 95 urte betetzean, bien gorazarre berregin nahi dugu Alfonsoren «Zutoin Beltza» antzezlana Hondarribiko Itxas Etxean taularatuz baina, Hegelek zioen moduan, «gure Historia egiterakoan erraldoien lepoen gainean ibiltzen garen ipotxak besterik ez garenez», orduko hitz batzuk eguneratu eta ekarri nahi ditut oraingo honetan, hona hemen:
«Eva eta Alfonso, ibilbidea adibide».

Eva duela hamalau urte zendu zen eta Alfonsok 95 urte betetzear dituelarik haien ibilbide adibidetzat hartu nahi dugu:

ADI, haien bideari…haien alde bildutako ADIskideok,
ADIerazteko haien ekinbidearen ekinkideak gaituztela.

Biak ala biak adibide izan baitira kapitalismo zafratzailearen aurkako borrokan gaudenontzat.

Hondarribiko Itsas Etxean elkarturik, non, lehen bezala oraingo honetan berriro ere bion izenak eta izanak aldarrikatu nahi ditugun.

«Zigorraren larrean gu libre gara, haiek giltzapeak».

Hondarribiko eliza ondoren zegoen harresiari arrakala ireki zioten behinola erasotzaileen kanoien ahoek «koska» eginez eta, denbora luze batez, «koskez» beteriko paretak utzi zituzten.

Hantxe zegoen Alfonso eta Eva hartu zuten lehendabiziko euskal etxea, hots, Bretxan.

Koska zaharra Bretxa berri bihurtu zen bikotea, familia eta guzti, Hondarribira bizitzera etorri zirenean.

Eva eta Alfonso, Euskal Herrian ere Bretxan bizi izan diren lagun kezkatuak eduki ditugu.

Koska eta Kezka.

Evak, aginteei koska eginez eta tortura salatuz mundu justuago bat erditzeko. Hark eginiko testigantzen jasoketak koska bat haratago eraman gaitu eta egun tortura asko eta asko dokumentaturik daude jada, ofizialki, bere lanari esker. Erakutsi zuen ezkutatuta egon zena eta, bide batez, irakatsi zigun harengandik ikas daitekeena, hau da, bortxaren aurrean otzan izateak ez duela balio, koska egin behar zaiola menperatze nahiari.

Alfonsoren kezka poetikoak, bestalde, bere "Amamarentzako sonetoa"-n bezala, mundu justuago bat heltzeko iradoki digu modu berean:

Amama maitea, Cervantesen antzera,
kartzela ilun barruan bagera(...),
baina alaitsu gaude bezain egoskor,
ametsetan bezala, egiari zor (...)
kanpora begira, ai ene espetxea,
muinetaraino heltzen zait barrea,
inork askatasunean duelakoan aterpea,
nahiz eta zigorraren larreak,
goibel eta itxia eduki atea,
gu libre gara, haiek giltzapeak...

«Eva eta Alfonso, koska eta kezkaren kidetza»

Alfonso eta Eva,
Kostaldeko kezka eta koska,
iraultzakideak, kosta ala kosta.
Koska eta kezka adiskideak.
Adi, burkideak!
Apurtu ditzagun kateak
Mundu berri bati irekitzeko ateak
Baietz bihur dezagun ezetza
eta behar bezala landu dezagun
koska eta kezkaren kidetza.

Buscar