0 comentarios

Bidezkoa eta beharrezkoa izan zen

 

 

Lagun garaikide guztiok, garai honetakoa naiz ni nahiz eta, halaber, beste garai batekoa izan.

Eta, ni bezala zuek denak, nire garaikide maiteak, horrelakoak zarete, garaian garaikoaren arabera inguruak egin egiten gaitu-eta.

Baina, zoritxarrez, gure postmodernitate garai honetan, orainaldi historikoan, lasai asko edozein gauza esan edo idatz daiteke, hala sarean nola hedabideetan, baita zabaldu ere, testuinguru gabe eta, horrela, ez frogarik ezta azaldutakoaren ardatzak kontutan hartu gabe ere, adierazitakoak bere esanahi absolutu bezain magikoa hartzen du sasoi eta toki guztietatik at, betikoa balitz bezala ezertxo ere ez dagoela betidanik eta betirako jakin arren.

Ez zen bidezkoa izan” diote eta errepikatzen dute politikari batzuek, ia denak, tamalez, gure historia garaikidearen karira Historiaz aritzeko testuinguruari kasu egitea ezinbestekoa dela jakinda, hau da, engainatu nahian.

Zeren eta, ez historian soilik, historiaurrean ere, ingurukoari erreparatu gabe aurkitutako edozein aztarnari ezin zaio datarik eman eta, beraz, izendatzea eta ezagutzea ez da posible izaten.

Arkeologiak, esaterako, biltzen ditu hezurrak edo harriak, erremintak edo marrazkiak, sedimentu jakin batzuen inguruan urteak eta izaerak ondorioztatu ahal izateko eta, noski, historian ere, sasoi bakoitzaren ezaugarriek bideratu ohi dituzte gertaerak ulertu ahal izateko modua. Gaurkokeriak, bada, ez du baliorik ez iraganaz jabetzeko ezta handik datozen orain aldiko ondorioen aurrean erabakiak hartzeko ere, aitzitik, denon mundua eraiki dituzten gertakizunak desitxuratzeko tresna besterik ez da.

Ildo honetatik ETAren jardunaz aritzerakoan “Ez zen bidezkoa izan” esakunea errepikatu den aldiro erreplikatu beharra dago: garaiaren arabera “Bidezkoa eta beharrezkoa izan zen”. Ez, jakina, ETAk bere garaian egindakoaren alde egoteagatik historia garaikidea modu faltsua maltzurki erabili nahi izateagatik salatzeko baizik.

Izan ere, ETA V.ak bere 61. ZUTIK zeritzan aldizkarian (Askatasuna ala hil goiburu argiaz horniturik) argitaratu zuen euskaraz (Txillardegik ederki itzulita) J.P. Sartrek 1971n kaleratutako Le proces de Burgos liburuarekin bat kaleratu zen aitzinsolasa. Bertan, aurten hogeita bederatzi urte zendutako pentsalari existentzialistak, «euskal kultura indarrez ezabatu nahi izateari Kultur genozidioa» deitu izan zion hitz lauez. Egun, aipamen haiek egin zirela ia berrogeita zortzi urte pasa ondoren, Sartreren orduko mezua bere garaiaren ardatzetan kokatu beharra dago. Hau da, J.P. Sartrek berak sakondutako askatasunaren irakurketari berregiteak gaurko Euskal Herria ulertu ahal izateko honezkero ohikoa ez dugun baina, era berean, premiazkoa zaigun ikusmira berreskuratzen lagunduko digulakoan nago. Hona hemen.

Sartrekin batera (1945) Les Temps Modernes kultur aldizkariaren sortzailea izan ziren Merleu- Pontyk, Bataillek edota Camusek bezala, askatasuna, berez, gizabanakoari bakarrik ez dagokiola uste zuten.

J.P. Sartrek, gainera, etorkizuna kolektiboki eraikitzeak bakarrik aske egiten gaituela pentsatzen zuen.

Izaeraren oinarria existentzia dela hastapenetik abiatzeagatik hain zuzen ere, gogamena bizitzaren ondorioa dela uste zuen. Haatik, engaiamendutik sorturiko pentsamendua askatasuna baldintza dezakeenaren aurreko jaurtikitzean ekoizten dena dugu, haren aburuz.

Areago, aurrekoa errepikatzera kondenaturik dauden gainerako bizidunak ez bezala, jendarteak erantzukizuna edukitzeko gaitasuna duen neurrian dugu bere buruaren jabe (P.Bruckner. La tentation de innocence. Grasset. 1995). Mota guztietako ukazioak dira, haren iritziz, norberaren zein erkidegoaren balizko egitasmoen etsaiak eta, beraz, askatasunaren arerio zuzenak.

Nahiz eta ideia honen aurka beti jo izan duen Bernard-Henry Levik (Le siecle de Sartre, Grasset, 2000) edo berriki merkatu mundializazio egoera honetara egokitutako Michel Antoine Burnierrek (L’ adieu a Sartre, Gallimard, 2000) J.P. Sartreren irudia birmoldatu nahi izan bere mezua desitxuratuz, (haren grina gizartean esku hartzeko politikoki bideratu nahi izatea hanka-sartze desberdinen ondorioa besterik ez dela izan argudiatuz...) pentsalari existentzialistaren ardatza honetan datza, hau da, hala gizabanakoek nola gizataldeek erdietsi dezaketen gizatasunaren muina etorkizuna sortzeko ahalmenean aurkitzen dela, askatasunean, bada (L'etre et le neant, 1943). Agian, hauxe zela kausa, J.Derridak, gezurra esateaz aditu hori, Sartre filosofoaren irakurgaiak debekatu behar zirela deliberatu zuen.

Sartrerengan ez du egon behar kontraesanik, beraz, norberaren eta gizartearen libertateen artean (L'existencialisme est un humanisme; 1946an). Mendebaldeko hizkuntza gehienetan ez bezala euskaraz gure etxea edo gure ama esaten dugu aditzen lehenengo pertsona erabiltzen plurala eta singularren adierak batuz, esate baterako. Ildo beretik dugu Sartre, gutasunaren erdian egon den pentsalaria (Gilles Deleuzek zioenez, behintzat).

Literaturan zein antzerkigintzan, unibertsitatean nahiz kale zuloko tabernetan, prentsan edo manifetako mitinetan ere, J.P. Sartreri (edo Txillardegiri...) antzematerik izan diogu beti erdian. Grezia zaharreko filosofoak bezala agoran hizlari, Berpizkundeko humanisten gisan poligrafo nekaezina, Kapitalismoaren hasierako militanteen antzera elkartasun kolektiboen gogoetagilea, Kolonialismo berantiarraren salatzailea, 68ko Maiatzean irudimena aldarrikatzen eta ikasleriarekin batera ozenki ohikatu zuena... ukazio guztion kontrako borrokan polemista, profesore eta profeta.

Era berean, agintearen sedukzioaz kanpo bizitzen irakatsi zigun (1945ean Frantziako Ohorezko Legioa ez zuen hartu nahi izan, ez eta 1963an Literatur Nobel Saria ere) inolako menpekotasunik ez onartzeagatik (Situations, Gallimard, 1972) eta bere gogamenaren askeari eusteagatik, batik bat. Haren antzera, Txillardegi, adibidez, ez zen inoiz euskaltzain arrunt gisa onartua izan Euskararen Erret Akademian eta, hil aurretik, “ohorezko euskaltzaina”izendatzea eskaini zitzaionean, aldiz, aukera hura errefusatu zuen, izatekotan, euskaltzain arrunta besterik ez zuela izan nahi arrapostuz.

Egun, berriz, askatasun pertsonala eta kolektiboaren artean etena zabaldu da eta iraganaz gaurkokeriaz mintzatzen da. Postmodernismoko gizarte honetan zilegizkoa izaten da Gobernuz Kanpoko Erakunde baten kide aritzea inolako konpromezu politikorik gabe edo, alderantziz, guztiz erreakzionarioa izatea politikan eta konprometitua eta feminista izan giza arlo pertsonalen eremu hertsian.

Sartreren edo Txillardegiren begiradapean (Jose Luisek euskaratutako A. Memmik zioen bezala-Portrait du colonisé ) kolonizatuen ikusmira ezin da ordezkatu eta Euskal Herria kolonia zapaldua izan dugu eta oraindik ere badugu, batez ere kulturalki ikusita.

Horregatik, indarrez gauzatu nahi den kultur ezabatzearen aurrean, izaera desberdiduaren ukaziori jaurtikitzen, kanpotik baldintzaturiko gizabanako zein herri existentzia askatzen joateko mota guztietako bideak zilegizkoak bezain etikoak izan direla zioten, baita erresistentzia armatua ere. Horra aipatu Burgoseko prozesuaren hitzaurrean irakurtzerik dagoena.

Horixe zioen, idazten eta aldarrikatzen zuen begi okerreko filosofoak eta existentzialismoa euskaratu zuen idazleak nahiz eta, garaian garaikoa, hura ere birpentsatzeko gauza izan ... eta, ene ustetan behintzat, bere mundua zuzen begiratzen irakasteko irakasle handiak izan ziren bai bere sasoietan baita oraindik ere.

Txirritak zioskunez. “beren aipamenak izango dira beste laurogei urtetan”, gaurkokeri gaizto guztien kalterako.

Fito Rodriguez

 

/
últimos posts
últimos comentarios