Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Euskal Herria irakurri ahal izateko aholkua

 

Egun hauetan, ohiko liburu feriak etortzearekin batera, idazle ezberdinen obrak kolektiboki irakurtzeko joera ari da hedatzen: Itxaro Bordan Bilbon, Lander Garro Hendaian eta abar.

Ahaztu egiten zaigu, ordea, hirigintzako espazioak ere irakurri egiten direla. Kale izenak, parke bakoitzaren izendapena edota ikastetxe, kultur-etxe, liburutegi  eta abarrek izena badute, eduki, eta gure herriaren edota hiriaren egoera kulturalaren berri ematen digute. Eta horretaz ari garelarik, aukera ezin hobea datorkit aspaldiko hutsune bati erreparatzeko: Euskal Herriko inongo tokirik ez da Txillardegi izena agertzen gure hizkuntza, politika eta kultura behar bezala irakurri ahal izateko.

Duela 60 urte, 1957an,  euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, baina ez zuen inoiz euskaltzain oso egin eta Euskal Herriko Unibertsitateak ere ez zuen inoiz katedratiko izendatu. Halere, ezin da ulertu euskara batuaren historia bera gabe 1956an hura aldarrikatzeko“Karta Idigia”idatzi zuelako[1] eta bizitza osoa horri eskaini baitzion  .

2014ko urtarrilaren 14an zendu zela bost urte badira ere bere herrikide garenok ez dugu nahi Euskal Herriak ahantz dezan.

Txillardegirekin zorretan gaudelako eta euskal kulturak gehiegi zor dio Larresorori, Usakori, edo Harribizketari…eta zor hori kitatu beharra dago.

Hala literatur arloan nola saiakeragintzan, gogamen filosofiko/politikoan edo, zehazkiago, glotopolitikan. dialektologian, fonetikan nahiz euskal azentuaz….Honetaz guztiaz, bere testuak daude gurekin, fikziokoak eta kazetaritzakoak, eleberriak, ipuinak eta itzulpenak, hamaika iruzkin egiteko gure artean betiko utzi dizkigunak, Jakin aldizkariari esker orain kontsultagai.

Txillardegi izan da europar kulturaren berri euskal literaturan estreinakoz eman duena. Literatura berria euskaraz eman zigun idazle urbanoa eta tokiko historia gure hizkuntzan landu duena baita Euskal Herri zaharrera Europa berriko ekarpen intelektualak ekarri zituen idazlea ere.

Halere, Txillardegi eta Mitxelena edota Mitxelena eta Txillardegi bikotea zela-eta egun euskara batua badugu eta, biak ala biak, haren sorreran batera aritu arren, bion gizarte errekonozimendua zeharo asimetrikoa da gaur egun. Horrela, Mitxelena onartua bezain aitortua den bitartean, Txillardegi aldarrikatzeko dugu oraindik.

Horregatik ez dugu galdu nahi bere ondare materiala (liburuak, ikerketak etab.) ez eta immateriala ere (bere presentzia gure Herrian). Ildo horretati, hura hil zenetik bosgarren urteurrenarekin bat, honako proposamena luzatu nahi dut.

Txillardegi izena Euskal Herriko paisaia linguistikoa agerraraztea ahalik eta herri gehienetan (Txillardegi kalea, Ikastegi, Parkea edota  Enparantza bataiatuz).

Honekin, nahiz eta Donostiak bere garaian hiritar merezimendu domina eman eta Durangoko Azokak Argizaiola, bere irudia eta ekarpenak galduko ez direlakoan eta, beraz, harekiko zorrak arintzen lagundu dugulakoan nago.

 

 



 

Buscar