Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Euskal idazlea iraintzat

 

Berezko idazlea hil arte eskandalagarria izango dela zioen Simone Beuavoirekoak. Burgesiarentzat gaizpide, jakina,  zeren eta Beauvoirentzat, Sartrerentzat bezain beste, idazteak mundua aldarazteko egitasmoak plazaratzea baita, askatasunaren aldarriak zabaltzea, hain zuzen ere…

Deigarria egin zait hala Laura Mintegiren hautagaitzaz aritzeko nola, zehazkiago, bera eta bere gobernukideak aurkezteko, Espainiako hedabide gehienek erabili duten definizioa: “escritora en vascuence (o lengua vasca)”…

Ez dut ikusi bere curriculum akademikoari buruzko ia inongo erreferentziarik, ez eta Euskal herrian bere bizitzan zehar burututako gizarte-lanez edota elkartasun ekintzez aipamenik ere, “euskal idazlea” bakarrik izan ohi da erabilitako epitetoa.

Argitaratutako tokietan irakurrita, noski, Lauraren mesprezurako idatzitako izango zela ulertu nuen.

Espainiar ideologia zentralistatik begiratuta bederen, “escritor” denak ez dio bere jardunari abizenik  jarri behar, hau da, beraiek ez bide dute “escritor en castellano ( o lengua española)” jarri behar zer idazten duten azaltzeko. Nik, berriz, euskal idazlea naizela diot baita hala idazten eta adierazten dut ere behar diren tokietan, “escritor” (beraz, “escritor en castellano”) ez naizela argitu nahian...Aipatu hedabide espainiarrek, ordea, “escritora en vascuence”argitaratzen dutelarik, neronek egiten dudanaren kontrakoa saiatzen dira egiten, ez ezer zehaztea, bada, euskaraz izkiriatzearen balio eskasa nabarmentzea baizik.

Idazlearen lanak ez dituela ohiko legeriari men egin behar, legea behartzea dela bere zeregina utzi zigun idatzita Paul Claudelek eta, euskal idazleok, gure esparruan, horixe egiten dugula uste dut. Escritores ez garela adierazten dugunean ohiko legeari muzin egiten diogu guk, gurean eta kanpoan, euskaraz idazten dugula azaldu nahian. Ez, bide batez, Euskadiko idazleak garenik, esaterako, edonongoak izan arren euskara darabilgulako… horixe baita gure definizioa eta legea, harrotasunez…

euskal kalendatan behinik behin, erabilitako hizkuntza norberaren kultura agerbide baita

Eta Laura, euskal idazlea denez, fier gaude…

Buscar