0 comentarios

Eva Forest, Hagiografiarik ez

 

Eva Forest hil zelarik, 2007ko maiatzaren 19an, jadanik hamar urte, “Los nuevos cubanos” (Hiru argitaletxea) bere gaztetako ikerketa, liburu modura kaleratuta ikusteko ez zuen aukerarik eduki. Batista diktadorea garaitu ondoren Kuban eraiki beharreko iraultzaz gogoeta egiten zuen Evak: mendeetan zehar esklabo izandakoek zer-nolako erabakiak hartzen zituzten eta Estatu berriak nola hasi zituen antolatzen ekoizpena, irakaskuntza, osasungintza eta abar kontatzen zigun urte hartan, egilea hil eta egun gutxira, plazaratu zen liburu mardulak. Irakaspen asko ziren baina, haien artean, halere, badago bat, urteak pasa arren, ahaztu izan ez zaidana, borrokarako Gramma itsasontzian iritsi ziren gerrillarien egoerarena, hain zuzen.

Aurreko mendeko hirurogeigarrenen erdian suertatu zen Evaren esperientzia eta, beraz, hango biztanleek oso gertu zuten iraultzaren hastapenetako oroitzapenak. Haiek kontatutakoaren arabera, hala Fidel Castro nola Ernesto Gevara eta gainerakoak dardarka, ahul, negarrez, baita, literalki, kakaztuta ere, heldu ziren hondartzara…hortik aurrera, Gerratea irabazi ondoren, ordea, haiekin guztiekin egin omen zen “sakralizatze prozesuak” hura kontatzerik debekatu zuen. Izan ere, berdin Estatuaren izenean edo, demagun,  Iraultzaren hobe beharrez, pertsonen, gertakizunen edota garaien mitifikazioa suertatu ohi da nonahi, baita Kuba iraultzailean ere.

Ez dut, bada, idazki honekin Eva Forest inola ere mitifikatu nahi baina, bera zendu eta hamar urte pasa ostean, berarekin batera korritutako bideek irakatsi zizkidatenak hona ekartzea deliberatu dut. 

Honatx, Eva iraultzaile antiinperialista izan zen, eta handik zetorkion herri mugimenduekiko elkartasuna eta hori dena zabaltzeko premia, idazkuntza barne .

Hirurogeigarren hamarkadan, Algeriako independentzia borroka armatuaren bidez erdietsi berria eta Vietnamgo borroka sutsua pil-pilean zegoenean, Eva haiei buruzko informazioa zabaltzen aritu zen mota guztietako zentsuraren azpitik, baita alderdi burokratizatuen iritzien aurka ere.

Nazioarteko borroka iraultzaileen atxikimenduaren bidez, beraz, jarri zen harremanetan euskal militante armatuekin behar zen laguntza bideratzeko. Eva ez zen euskalduna ezta abertzalea ere baina bai, aldiz, pertsona solidarioa eta ezkerreko militante antiinperialista, direnak eta ez direnak abian jartzeko prest zegoena balizko arriskuari beldurrik izan gabe. Nabarmentzekoa dugu, gainera, urte haietan Kubak munduko matxino armatuen alde agertu bazen ere egun, ordea, munduan diren gatazka politikoak baketzeko hautua eta lana egiten duela (FARC Kolonbian, kasu).

Garaian garaikoa, Evak arrisku handiak hartu zituen, Madrilen, Euskal Herrian edo bonbardatzekotan zegoen Iraken (“Iraq, testimonio de una lucha heroica”-IPES, 2003), ezkerreko bidean kokatuta beti eta elkartasuna zer den inoiz ahaztu gabe.   

Egun Pako Etxeberriak zuzentzen duen Torturaren Ikerketa Taldearen funtsa asko eta asko Evak urteetan zehar jasotako torturatuen testigantzak dira (“Diez años de tortura y democracia”- Gestoras por Amnistia,1987) eta, nazioarte-mailan, baten bat  espainiar Estatuaren jarrera errepresibo indiskriminatua salatzen ibili izan bada, Eva Forest izan da, zalantza izpirik gabe (“Militancia, Exilio, Democracia, Cárceles y Tortura”-Mugalde,1977).

Alderdikerien gainetik eta izuen azpitik Evak jorratu du ildoa, ekimenez, kemenez eta horretaz idazten. Adierazi zigun borroka bidea. Bera izan zen Julen Agirre, “Operación Ogro” idatzi zuena (Ruedo Ibérico, 1974; Mugalde,1977; Hordago, 1978; Hiru,1977) eta ekintza burutzen lagundu zuen haietariko bat.

Inolako hagiografiarik egin gabe, adibidea izan da.

Gugan bego, herrikidetzan, adiskide ahaztezina.

Fito Rdz.

 

 

/
últimos posts
últimos comentarios