Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Gauerdiko haurrak umezurtz?

Magia eta umorea, konpromiso politikoa, fantasia eta gizatasuna maisutasunez konbinatzen dituen eleberri harrigarria da

“Midnigtht`s children” izan zen irakurri nuen Salman Rushdie idazlearen lehenengo liburua, eta gogor jo zidan. Salman Rushdie lagunaren kontra burutu berri duten azken kolpeak bezain beste, bederen. Aipatu liburu hori Saleem Sinairen istorioa da. Mumbaien jaioa, 1947ko abuztuaren 15eko gauerdian, orduko India britanikoan baina, su artifizialen eta jende askoren artean, independentziara iristen den une berean. Saleemen patua, ezinbestean, bere herrialdearekin lotuta geratuko da eta, handik aurrera, bere gorabehera pertsonalek Indiaren eta Pakistanen bilakaera politikoa islatuko dute betiere.

Gaitasun bitxiak dituen gizon baten istorioa da baina, baita belaunaldi batena eta familia batena ere eta, horrek, orduko eta hango garai eta kulturen erretraturik emankorrenik bihurtzen du liburua. Horrekin Booker of Bookers sari ospetsua irabazi zuen Rushdiek. Magia eta umorea, konpromiso politikoa, fantasia eta gizatasuna maisutasunez konbinatzen dituen eleberri harrigarria da.

Hemen, berriz, 1978an Irun Hiria saria irabazi zuen “Abuztuaren hamabosteko bazkalondoan” dugu. Joxagustin Arrieta adiskideak idatzitako testuen artean irakurri nuen lehendabizikoa izan zen. Nire ustez, hau ere maisu lana da, formalki ondo ebatzitako idazkia da, eta narrazio-prozedura aberats ugariak dituena. Eleberria, 1965eko abuztuaren 15eko bazkalondoa erabiliz, istorioren izaera sasibiografikoak ez du galarazten narrazioa, aldi berean, XX. mendeko bukaera orduko Donostiako gizartearen kronika izatea. Aipatu nobelaren beste ardatz garrantzitsu bat, familia horren aita da, Espainiako Gerra Zibilean euskal alderdi nazionalistan izandako ibilerak gogorarazten dituena eta, azkenean, euskal errealitate konplexua oso egoki islatzea lortzen duena. Izan ere, familia horren bidez eleberriak euskal gizartearen erretratu politiko eta kulturala eskaintzen ditu.

Abuztuaren 15eko eguerdian eta gauerdian garatutako istorioen isla dira biak.

Literatura puri-purian.

Beroa, su artifizialak eta guzti.

Nork esan zuen literatura eta politika bi diskurtso guztiz desberdinak direla?

Buscar