Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Hau Komeria!

Commedia dell’Arte sortu zenean, eta hartan oinarritzen omen da antzerki garaikidea, pertsonaia bakoitza beste baten aurka jarri ohi zuten beti. «Matamoros» deitzen zioten soldadu espainiar harroputzaren aurrean, demagun, «Politxinela» konkordunak hitz egiten zuen besteari arrapostu eginez. Horrela, zirtoz nahiz ihardespenez, hezi ziren latindarrak, italiarrak eta europarrak, oro-har, Bergamaskoak nahiz Napolikoak.

Halere, gauzak sinplifikatzeak, irudimen eskasa erakusteaz gain, ez du ulertzeko ezertan laguntzen. Baina gerra edo greba batean, azkenean, beti aukeratu beharra dago zeinen alde zauden. Animaliez harago dagoen gizakiak elkarbizitza zer den ulertzeaz aparte, haren aldeko hautua egin beharko du eta horretan ez dago argitasunaren beharrik, nahi izatea edo atxikimendua izatea baizik.

Bistan da elkarbizitzaren arazoak arrazazko, generozko edo erlijioaren partea badituela, eduki, baita nahiaren, atxikimenduaren, hezkuntzaren edota hizkuntzarena ere, eta ezin dela den-dena horietariko baten menpe bakarrik ulertu.

Gaiztakeriari arrazoiak bilatu nahi izatea alperrik izaten da, makurkeria bera baita errebeskeria ororen iturri eta okerkeria, baita basatiena delarik ere, irudika ezina dela, berez. Izan ere, kaltetu edo biktimaren sufrikarioa banakakoa izaten baita beti.

Beraz, esan daiteke elkarbizitza, bada, besteen kontra aritzea denik?

Ez noski, bakoitzari gizartean bizi ahal izateko behar duen euskarria aurkitzeko heziketa ematea litzatekeela uste dut auzia konpontzeko bidea.

Baina hori, norberaren arabera ala bakoitza bizi den gizartearen arabera ulertu beharra dago?

Bai gizabanako bakoitza eta baita gizartea ere etengabe aldatuz doazenez, orduan, ikasi orduko, ikatsitakoak ez duela balio izango argi dago eta ez da ezer okerragorik batere ikasi nahi ez izatea baino.

Eta gizonezkook asko dugu ikasteko oraindik.

Buscar