Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Herrigabekoen ahotsa

 

Bozka, berez, boza da, ahotsa, alegia. Bozketetan norbanakoen bozak metatu izaten dira gizabanakoen multzoa den gizarte jakin batek afera ezberdinei buruz zer uste duen jakiteko, eta horren arabera erabaki ahal izateko, noski.

Sasoi honetan suertatzen ari diren hauteskundeetan, berdin Euskal Herriko iparrean zein hegoan, abertzaleen bozka ez omen dago bereziki motibaturik aukeratu behar diren eserlekuak Euskal Herritik at baitaude. Eta, jakina, mota horretarako jarrerari ez zaio motiborik falta, izan ere, horrekin, bozkatzearekin hain zuzen,  arrotza den egitura politikoa elikatzea eskatzen zaio ipar nahiz hegoko abertzaleari eta, egia esanda, horrek ez dio inori gehiegi motibatzen.

Abertzalea dena,ordea, bada nor…abertzalea zein ote den, askotan, oso argi ez egon arren.

Hori dela kausa, gogora datorkit nola, behinola, ene adiskide bertsolari goierritar bati bere inguruko lagun erdaldun batek galdetu ziola:

-Qué es ser abertzale?

Eta hark, motzean:- abertzales somos los que no tenemos pueblo…

-Cómo dices?, besteak.

Eta nire adiskideak azaldu zion:- Pues eso, aquí cuando se acaba el trabajo, o cuando vienen las vacaciones, vosotros decís.” Nos vamos al pueblo”, pero nosotros no podemos ir a ningún pueblo, porque no tenemos pueblo…

Ez da, bada, Frantziako lurralde egitura administibo berrietan nork aginduko ote duen edota Espainiako Gorteen arabera espainiar erresumako lehendakaritza zeini dagokion hemen erabakiko, estatu bitan euskaldunok gutxi garelako eta, halaber, gutxituak gaudelako, Herrigabekoen ahotsa da bozketa hauetan zenbatuko dena. Hau da, behartuta ez bada ere, beste inora joaterik ez daukagunona. Aukeratuta suertatzen diren abertzaleak bai, bistan da,Euskal Herritik kanpora joateko beharturik egongo dira baina, dudarik ez izan, Herri bat izango dute zain.

www.fitorodriguez.eus

 

 

 

 

 

 

 

Buscar