Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Hura martxa, Marchenarena!

Goi-epailetzak koalizioko exekutiboaren jazarpen judizialekin jarraituko du, Fiskaltzaren irizpidearen aurka, Manuel Marchena Goreneko auzitegiko lehendakariak egin duen autoaren txostenaren arrastora.

Azken hilabeteotan, 20 kereila eta 30 salaketa aurkeztu dituzte Vox-ek, hainbat sindikatuk, osasun eta polizia-elkarte eta erakunde profesionalek, baita koronabirusaren kudeaketagatik kaltetutako biktimen senideek ere Espainiako Gobernuaren aurka eta, zehazki, Pedro Sánchez presidentearen eta haren lehendakariorde eta ministroen kontra baita Konstituzio Auzitegiko magistratuen eta Herriaren Defendatzailearen aurka ere bai. Delitu ugari egozten dizkiete, hala nola, hilketa eta zuhurtziagabekeriazko lesioak, langileen aurkako jarduna, funts publikoen prebarikazioa edo bidegabeko erabilera.

Auzitegi Goreneko bigarren salak, Manuel Marchena buru duela, Espainiako hiriburuko epaitegi arruntetara bidali ditu, osasun-arloko edo polizietako segurtasun-neurrien falta, huts egindako materialaren kontratazioa edota egoitzetako adineko pertsonen heriotza ikertzekoak.

Goi-epailetzak koalizioko exekutiboaren jazarpen judizialekin jarraituko du, Fiskaltzaren irizpidearen aurka, Manuel Marchena Goreneko auzitegiko lehendakariak egin duen autoaren txostenaren arrastora.

Askori normala iruditu zitzaien, izaera politiko argia zuten ekintzen ondorioz, Kataluniako buruzagi politiko batzuk kartzelaratzea eta kondenatzea; «ez da ezer gertatzen, matxinada izan ez bazen, beste zerbait izango zen eta, nolanahi ere, bidegabekeria nabarmena egon da». Hori pentsatu edo esan zuten Marchenaren alde egin zutenek, ez zitzaielako komeni erreferenduma defendatzea.

Beste batzuei ere normala iruditu zitzaien, azkenean, Kataluniako Generalitateko presidente bat kargugabetzea; izan ere, arduragabekeriaz defendatzen zutenez, espazio publikoek neutralak izan behar dute, eta, beraz, desobedientzia argia zen, nonbait, preso politikoen askatasunaren aldeko pankarta bat zintzilikatzea. Hori pentsatu edo esan zuten espainiar demokraziaren alde egin zutenek, ez zitzaielako komeni katalanen alde agertzea.

Gutxi izan dira Espainian Europako Giza Eskubideen Europako Auzitegiak pertsona batzuei 6 urte baino gehiagoko espetxea betearazteagatik oinarrizko eskubideak urratu zaizkiela aitortu dutenak eta, aldiz, pertsona haiek aulkian behar adina aldiz esertzeko aukera eman behar duela ulertzen dutenak, ordea, ez dira horren gutxi. Ez zaie komeni Espainiaren aurka egotea eta kaltetuak, euskaldunak izanik, ez dago arazorik.

ETAren jardunak juridikoki justifikaezina zena justifikatzen zuenean, inor ez zen kezkatu; gero, gehiegikeria hura katalanen aurka zihoanean, gauza ondo zegoela iruditu zitzaien, eta, hala, noraeza judizialean aurrera egin da orain arte non, boterea duena ez da ez gobernua ez legegilea, baizik eta, besterik gabe, Espainiaren ikuspegi atzerakoi bezain faxista batean kokatutako botere judiziala.

Orain, berriz, Marchena Pedro Sánchez Espainiako presidentearen eta haren lehendakariorde eta ministroen kontra doa martxa berean...eta zer pentsatu edo esango dute orain Espainian?

Buscar