0 comentarios

Idazlarien betekizuna

 

Alejo Carpentier idazle eta politiko kubatarrak, emozioari eutsi ezinik, hil aurretik kontatu zuen 1937an Pablo Neruda, Rafael Alberti eta Nicolas Gillen poetekin elkartu zela espainiar errepublikako lurraldean Parisen bildu behar zen “Intelektual Antifaxisten Batzarrera” joan ahal izateko eta, haien artean hizketan ari zirela, zerbitzari izan zuten emakumezkoa, horretaz jabetu zelarik, horrela mintzatu zitzaion:

 

-         Joan zaitezte harantz eta zuek, idazten eta irakurtzen dakizuenak, gu defendatu!!

 

Horra hor idazleontzat zein kazetarientzat deiadarra. Herri xumeak  azalduta. Eta, nori berea, bakoitzak bere hizkuntzan irakur eta idatz dezan horren aldeko betebehar argia.

Orain burutzen ari den Korrika antolatzen duen taldeak, Alfabetatzearen aldeko euskal kordinakundeak, horren alde lan egin du sortu zenetik. Ez soilik, beraz, helduentzako euskararen irakaskuntzaren bidez  euskaldun gehiago sortzeko baizik eta euskaldun oro idazle nahiz irakurle osoa bilakatzeko ere.

Euskara batua onartu aurretik, urte berberetan kaleratu ziren Mitxelenaren Historia de la Literatura Vasca  (1960), eta izen bereko Villasanterena (1961), baita Literatura oral vasca, Manuel Lekuonarena ere (1961). Horrek bere garrantzia du, izan ere, gogoratu egin beharko genuke euskara batuaren prozesuan jeltzaleek beti kontrako bidea hartu zutela, ez baitzuten inondik inora onartzen euskara batuaren beharrik,[1]  areago, Euskaltzaindiako kideen arteko bilerak gazteleraz egiten zirela gauza jakina da.

Beraz, euskara batuak suposatu zuen euskaldun guztien batasuna,[2]eta, nola edo hala, honek batasun politikoa dakar berarekin batera. Hau da, aurreko planteamendua guztiz euskalkien aldekoa bazen, guztiz “filologista”, nolabait esanda, eta Elizaren menpekoa, batuaren aldeko jarrera berri horretan Eliza gaindituta suertatu zen eta, ohiko nazionalisnoaz harago,  Estatu baten beharra ere azpimarratzen zen.

Beraz, euskara batuaren historian, eta hori behin baino gehiagotan azaldu da ikerketa desberdinetan, funtsezko etsaiak abertzaletasun tradizionaletik etorritakoak izan ziren [3].

Ez dago gogoratu beharrik Joseba Arregik, Eusko Jaurlaritzako eleduna eta kultur kontseilaria izanik, zer-nolako boikota egin zion hala Korrikari nola AEKri EITBn ere nahiz eta egun, bere tokian dagoen Kristina Uriarte lekukoa eraman duen ( zer egongo da barruan idatzita?).

Gauzak aldatuz doaz baina bide honetan ez ditugu ahaztu behar, ordea, euskal alfabetatzearen alde ibilitako ekintzaileak, bere garaian ez Akademiak ez eta hedabideek ere hartu nahi  zituzten aintzakotzat. Bi aipatuko ditut, Txillardegi eta Joxemi Zumalabe.

Bati esker egungo euskara literarioa finkatua daukagu eta, besteari zor, euskaldunen komunikabide ardatz den egunkaria martxan dago.

Korrikaren amaiera aurretik omenduak izango dira Donostian.

Herriak ez du ahantzi bere hizkuntzan idazten eta irakurtzen zekitenen aldeko defentsa.

Bakoitzari berea.

 

Fito Rodriguez

 

 

 



[1] BBAA. (1998)  Liburu Gorria. Euskerazaintza

[2] Rodriguez, F. (2012).Txillardegi. Erein.

[3] Kintana, J. (1998) “Nazionalismoaren historia eta ideologia”.Uztaro 26

/
últimos posts
últimos comentarios