Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Intelektual zaharrak ez dira inoiz hiltzen

Mende honetako kulturan handituz joan den analfabetismo funtzionalak egoera mediatiko berri baten aurrean jartzen gaituela diote Morinek edo G. Lapassadek

Edgar Morinek, Txillardegik maite zuen inteletuala, ehun urte bete ditu uztail honetan, hilaren zortzian zehazki. Txillardegik bezala, beti defendatu izan du hierarkizatu gabeko kultura globala, gertaeretarako hurbilketa inteletuala eta, halaber, hiperkritikoa izan da gaur egun nagusi den ezagutzaren zatiketarekin eta hiperespezializazioarekin.

Edgar Morin Arguments aldizkariaren sortzailea izan zen eta errepikatu digu etengabe gizakiok oraindik ez garela guztiz gizaki, ez garela giza anaiarrebatasunaren logikan sartu alegia. Berak mundua kontraesanez beterik onartu eta ulertzen du, eta, edozein iraultzarik posible izateko jarrera kritiko amaigabea behar dela uste du baita hura dela dogmatismoen aurkako antidoto bakarra ere.

Txillardegiren estiloan, haren umore finaz eta begirada zabalaz, hutsaltasuna nahiz azalkeriaren kontrako ohartarazpenak dira bereak: “ziurgabetasuna ez baztertu”, diosku, eta, jadanik, duela ia mende batetik nekaezina den pentsamendu kritiko eta konplexua ere aldarrikatzen du oraindik ere.

Gizarte Zientzietan Morini aurkikuntza batzuk zor dizkiogu, hala nola "zientzia kontzientziaduna" deritzana edota zibilizazioaren politikaz mintzatzea, alegia, zientzia eta politika auzietan gizakia eta ez dirua eztabaidaren erdian jartzea.

Morin intelektualak, Txillardegik bezala, gogorarazten digu zientziak aurrera egiten duen neurrian  kontzientziak atzera egin ohi duela. Haren pentsamendu nabarmenetako batek dio espirituaren autonomiak desbideratzea dakarrela ezinbestean, dibergentziara eramaten gaituela berez, eta horrek mundua kritikatzera, deseraikitzera eta berreraikitzera garamatzala, nahiz eta, finean, behar bezala bizitzeko borrokak merezi duen.
Morin Frantziako Alderdi Komunistako kidea izan zen baina, estalinismoaren aurka lerraturik, kanporatu egin zuten bere alderdiko agintarien kontrako posizionamendu publikoengatik.

Nik Arguments aldizkarian idazten zuen Georges Lapassade irakaslearen bidez ezagutu nuen Morinen pentsamendua. Biek (Morin/Lapassade) zurrumurruak ikertu zituzten aspaldi eta, aztertutakoaren arabera (1969 La rumeur d`Orléans. Ed. du Seuil. Paris), gizarte garaikidearen komunikazio-eskema klasikoen hausturaz ohartarazi gintuzten. Hau da, mende honetako kulturan handituz joan den analfabetismo funtzionalak egoera mediatiko berri baten aurrean jartzen gaituela diote zeinak, Morinek edo G. Lapassadek azaldu bezalaxe, gizakien arteko harreman zuzenak bezain inplikatuak eduki beharrrean, zurrumurrua eta hiri kondaira bezalako informazio-mekanismoen eragina handituko dituen eta, hartan, orain arte zientziek emandako ziurtasunak galduko diren.

Zientzia eta informazio eskema klasikoaren galeraz aritu zen Morin, E. (1973, Le paradigme perdu. Ed. du Seuil. Paris.) mundu hura galdua zela ondorioztatzeko eta, halaber, mundu berrian pentsatzeko beste motako informazioaren eta ezagueraren  premia badagoela azpimarratzeko (1981, Pour sortir du XXè siecle, ed. du Seuil. Paris). "Zientzia kontzientziaduna" deritzana edota zibilizazioaren politika berria, beraz.

Ehun urte bete berriak ez dizkio, bada, argitasunik ezta kemenik lapurtu Edgar Morin zahar bezain jakintsuari. Mundua konplexua izan arren bizitzea merezi baitu.

Buscar